Bederatzi buruko Dragoiaren lurrean

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 12a, 02:00

Mikel Insausti Aurrekoa ez da asmakizun edo hieroglifiko bat, baizik eta joan de azaroan jarraitutako bidea Vietnam-eko hiriburura iristeko. Aitortu behar dut ordurarte Vietnami buruz neukan irudia pelikuletan ikusitakoaz moldatua zegoela. Vietnameko gerrateari buruzko Apocalypsis now, Platoon, Hamburguer Hill eta horrelakoak aspaldian ikusiak nituen, baita Amerikar lasaia eta Uda betea (À La Verticale de L´eté) pelikula erromantikoak. Azken pelikula hau ikusi eta gero erabaki nuen noizbait Vietnam bisitatu behar nuela. Bost urte beranduago Aeroportutik Hanoi-ra noala Uda beteko pelikularen doinuak eta sentsazioak dauzkat gogoan, batez ere Lou Reed-en gitarra soinuak. Hiria norabide guztietan zeharkatzen duten milaka motorren soinuak eguneko Hanoi-ra ekartzen naute, ordea. Hamar urte lehenago bizikletaz josiriko hiri honen hazkunde ekonomikoaren testigu zaratatsuak dira. Gerora konturatuko naiz nola tradizioa eta modernitatea eskutik dijoazen bai Hanoien eta bai Vietnameko hainbat lekutan. Hanoi-en igarotako lehen egunean goizeko eguzki izpiekin altxatu eta Hoan Kien lakura abiatu naiz. Goizeko 05:30ak dira baina lakuaren inguruan ehundaka pertsona daude jadanik. Gehienak pasiatzen, beste asko Tai Chi-an edo badmingtonean ari dira. Irudi hunkigarria da benetan. Harritu egiten nau horrenbeste atso kirolean aritzeak. Borrokalari kementsuak dira vietnamitak, beren historian zehar inperio haundienek ere ez dute lortu haiek menperatzea (txinatarrak, frantsesak, amerikarrak…). Lakuaren inguruan nijoala zeharkatzen ditudan hainbeste atso guda-beteranoak dira, batzuk frantsesen kontra aritutakoak 1940 eta 1950. hamarkadetan. Hasiera batean Hoan Kien lakuan aurkitutako bake eta harmonia giro honek ustekabean hartu nau… Hainbeste gerrate igarotako herrialde tinko honetan aurpegi gogortuak espero nituen nolabait. Horren ordez jende lasaia eta irribarreak edonon. Denborarekin ulertu dut Vietnameko gizartea baketsua eta langilea dela bere erroan, baina kanpotik etorritako erasoen aurrean sua bezala pizten dira beren singulartasuna defendatzeko. Hanoien egun batzuk igaro eta Vietnameko Iparraldera abiatu naiz Phong izeneko gidari gaztearekin, Minsk motor errusiar baten gainean. 1940. hamarkadan sortutako askatasun mugimenduen jatorria izan zen Iparraldea, eta 60. eta 70. hamarkadetan amerikar erasoari aurre egiteko Ipar-Vietnameko hainbat nekazari soldadu bihurtu ziren. Ipa-rraldean ere hainbat minoria etniko bizi dira, batzuk bailaren lur baxuetan, besteak mendi-lerroetan. Arrozaren landaketa da talde guzti hauen oinarri ekonomikoa. Bide ertzean gelditzen garen bakoitzean Tai minoriako etxeetatik keinu egiten digute tea hartzera konbidatuz. Horrelakoetan konbitea onartu eta tea edateaz gain arroz-likorea sekula ez da falta. Azken hau zurrutada batez edan behar anfitrioiak gaizki ez hartzeko! Iparraldeko monzoia sartu da, euri zaparradak ekarriz. Sekulako hotza egiten du Iparralde menditsuan. Amak beti esaten didan bezala Euskal Herriko paisai berdeaz, ezin horrelako paisaia eduki euririk gabe! Beraz jertse merke baino potolo bat erosi Cao Bang izeneko herrixkan eta aurrera goaz Txinako mugarantz. Mugan ur-jauzi batzuk ikusi eta bazkaltzen gaudela vietnamita eta Txinako armadako soldaduak ditugu ondoan sekulako zarata egiten. Likor botila huts pila bat dituzte mahai gainean, eta bero-bero ari dira solasean. Harrigarria da pentsatzea duela 26 urte eskas, 1979-ko otsailean, Txinatako armadak Vietnameko Iparraldea erasotu eta inbaditu zuela. Bi herrialdeen arteko harremanak hobetu dira geroztik, eta adiskidetasun horren testigu gara Vietnameko muga urrun honetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!