«Herrietako kronikei leku gehiago emateko asmotan gara»

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 12a, 02:00

Noticias de Gipuzkoa egunkariak herrietako kronikak ere biltzen ditu, eskualdeka eta denak edizio bakarrean. Hernaniar batek Arrasate, Beasain, Tolosa edo Irungo berriak eskura ditu Vecinos sailean. Buruntzaldeak orri bat du eta hor barruan datoz Hernaniko notiziak. Gipuzkoako herri guztietako kronika batean jartzearen arrazoia da Gipuzkoa oso txikia dela eta jendeak herri ezberdinetan banatzen duela bizimodua. «Adibidez, Irungo pertsona bat litekeena da Donostian lan egin eta Zarautzen bizitzea. Eta pertsona horri hiru herri horietako informazioa interesatzen zaio. Ni Hernanikoa naiz, eta orain Donostian bizi naiz. Gure egunkarian Hernaniko kronikarik ez badago, ba, motz gelditzen da. Denok daukagu herri bat». Arantzazu Zugastik Kronikari aurreratu dio gerora begira herrietako kronikei leku gehiengo eskaini nahi diotela, batez ere herri haundiei, informazio asko sortzen dutelako.
Udaletxeko informazioa baino gehiago da Herrietako informazioa zer den eta nola eman behar den ere hausnartu dute Noticias de Gipuzkoan. Arantzazu Zugastiren iritziz, oraintsu arte Gipuzkoako herrietako kronikak batez ere udaletxeko informazioa izan dira, «informazio instituzionala. Eta informazio hori, noski, garrantzitsua da. Baina, guk hasieratik oso garbi eduki dugu herrietako informazioa ez dela udaletxeko kontuak bakarrik: herriko aktualitatea, protagonistak, herriko arazoak... Eta desberdintasun hori oso garbi eduki behar da, ze bestela zure errealitatea beti begiratu beharko zenuke begirada ofizialetik. Eta herrietako informazioaren ikuspegi horretan, prentsa lokalak, Hernaniko Kronikak, eskualdeetako Hitzak eta abar guri izugarri erakutsi digute, izugarri».
ETBk Nafarroan izan zuen aurreneko korresponsaria eta Herri Irratian eskolatutako kazetaria Arantzazu Zugasti komunikazioaren alor ezberdinetan ondo zaildutako pertsona da, eta gaztetatik. Iruñean kazetaritza ikasten hasi eta Arturo Kanpionen euskerazko klaseak ematen ari zela ETBk fitxatu zuen Nafarroako korresponsari lanak egiteko. Bera izan da ETBk Nafarroan izan zuen lehenengo berri emailea «Badakizu, gaztea-ta» dio Arantzazuk ezpainei kozka eginez ardura hari baiezkoa errexegi esan izan balio bezala. Karrera bukatzean Hernanira bueltatu eta Herri Irratian eskaini zuen bere burua. «Herri Irratia nere etxeko saloiaren prolongazio bat bezela zen, egunero eta egun osoan entzuten genuen». Hartu egin zuten, eta Mariano Ferrer, Koldo Ordozgoitik eta Karmele Aranburu bezalako kazetariekin aritu zen eskuz esku, lau urtetan. Kazetaritza ulertzeko eta lantzeko modua hor finkatu zituela dio Arantzazuk: sentidu kritikoa, norbere gaiak lantzea ikuspegi guztiak kontuak hartuta... «Herri Irratia izan da nere eskola» dio. Herri Irratian Txaro Arteaga ere ezagutu zuen. Emakunde sortu zenean, Arteagak emakundeko prentsa buru izendatu zuen eta bost urtez aritu da Gasteizen lanean. Kazetaritzan aritzeko oso garrantzitsua da administrazioa barrutik ezagutzea, nola lan egiten den ikusteko. «Baina, atera ere egin behar da, bestela, jan egiten zaitu». Azken urteetan familia eta lana tartekatuz ibili da kazetari hernaniarra. Komunikazio enpresa propioa sortu zuen. Noticias de Gipuzkoako zuzendari albokoa izatea proposatu ziotenean ez zuen baiezkoa aurrenekoan eman, eta aitortu du familiaren apoioa klabea izan zela erabakian. Gaur eguneko kazetaritzari buruz modu kritikoan hitz egiten du. «Oso komodoa izan da azken urte hauetan prentsa gabineteak eta prentsa buruak sortzea eta informazioa oso egina iristen zaigu. Oso errexa izan da. Eta neroni ere urte askotan ibili naiz horretan, eh! Baina, beti oso kezkatuta egon naiz eta gustatu izan zait gai bat landutakoan beste kazetariek ere interesa izatea. Baina, ez da horrela izan. Prentsak azaldu duena da komodidadea ematen zeniola eta horrekin konformatzen zen. Errealitatearen neurria galdu egin dugu, eta askotan ari gara bestei interesatzen zaiena kontatzen bakarrik. Azkenean eguneroko komunikabideen lana bihurtu da gaur zer prentsaurreko daude. Instituzioek ez badituzte gai batzuk agendan jartzen, zergatik horiek ez dira aktualitatea?» Arantzazu Zugasti Donostian bizi da gaur egunean, baina, larunbatero Hernanin izaten da: familia, lagunak, kale buelta, aperitiboa jakineko tabernan. Ez dago Hernani ahazteko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!