Arantzazu Zugasti kazetari hernaniarra da Noticias de Gipuzkoa egunkari berriko zuzendari albokoa. Egunkariak ia hiru hilabete bete ditu eta Zugasti oso gustora dago proiektu berriak jaso duen erantzunarekin. Hernaniarrak egunkariko bere bulegoan hartu du Kronika, bileraz bilerako egunari tarte bat kenduta.
2005eko azaroan atera zen Noticias de Gipuzkoa egunkari berria. Denbora tarte horrek eman duenarekin zer balorazio egin duzue?
Askotan, hiru hilabete gutxi da, baina, gure aldetik oso balorazio ona egiten dugu. Oso gustora gaude, bai helburu aldetik eta bai, enpresa aldetik. Lehenengo momentutik guk azaldu nahi genuena zen egunkari berria ginela, eta eduki berriak ere eskainiko genituela. Bestetik, orain arte Gipuzkoan egunkari bakarra zegoen Gipuzkoa mailakoa, eta azkeneko 30 urteotan ia monopolio bihurtu da. Egia da, baita, Gipuzkoako argazki ideologiko-soziologiko batekin horrelako egunkari batek kontraesanak ere jartzen dituela mahai gainean. Hor, guk ikusten genuen aukera bazegoela lana egiteko. Hortik aurrera, gure filosofiaren oinarri-oinarrian dago egunkari transbertsala izan nahi dugula, iritzi ezberdinak plazaratzeko plaza. Alde horretatik, guk distantzia planteatu nahi dugu alderdi oso konkretu batzuekin oso lotuta dagoen prentsarekin.
Eta Arantzazu Zugasti nola sentitzen da proiektu berriaren zuzendari lanetan?
Zuzendariari galdetzen badiozu, esango dizu asko kosta zitzaidala baietz esatea (erdi brometan). Oso seguru sentitzen naiz, alde batetik, goitik bidea norbaitek urratu didalako, eta bestaldetik, atzetik izugarrizko ekipoa daukadalako. Ikaragarria! Guztira, 70 pertsonako lan taldea gara, eta horrek izugarrizko babesa ematen dizu.
Gero, nik epe luzerako mentalitatea daukat, eta gustatzen zait jakitea nora joan behar dugun. Hori buruan edukitzea eta neurtzea informazio bakoitza zer izango den, hori da nik dudan erronka, ez prentsaurreko batera joan edo bestera joan. Lan giroa ona izatea ere oso garrantzitsua da. Lan giro onarekin erdia egina daukazu. Guk oso ona daukagu eta horri eustea da nere beste erronka bat.
Kontatu egun bateko lana
Goizean 10:00ak aldean hasten naiz, eta goiza nahiko lasaia izaten da. Lana bezperatik antolatua dago. Eguerdian, 13:00ak aldera bilera egiten dugu egunak dakarrena aztertzeko (gero dena goitik behera aldatu liteke, baina, beno). Gero, gu hiru egunkari gara taldean -Nafarroa eta Arabako Diario de Noticias eta gu- eta daukagun informazioa nola antolatu ere koordinatzen dugu. Informazio hori guztia nola koordinatu eta nola atera etekin gehiena, hori da aurrera begira dugun erronka haundietako bat. Eta alde komertzialerako ere aukera haundiak ematen ditu.
Arratsaldean, erredaktore buru bakoitzak bere saila antolatzen du, informazio bakoitzari dagokion espazioa emanez eta nere lana da iritzi saila antolatzea. Azkenik, iluntzeko 20:00etan gai nagusi guztiak mahai gainean jarri, egunak eman dituenak eta geuk sortuak, eta portada antolatzen dugu denon artean. Hori da ariketa politena, arriskutsuena, hurrengo egunean neurtuko zaituena.
Ze kriterioren arabera ematen diozue titularra gai bati edo besteari?
Gu, azkenean, Gipuzkoako egunkari bat gara. Zenbait gauzetan sortzen den gaia sortzen dela horrek dauka garrantzia. Horrek ez dauka bueltarik. Baina, guk gai propio asko sortzen ditugu eta gai sozialetan oinarritu dugu gure lana. Horrek aukera pila bat ematen dizu. Ze, hor daude eguneroko bizimoduko gauzak, zerikusia daukatenak zure bizimoduarekin, zure familiako egoerarekin, bizitzaren antolaketarekin... Eta horrek titular oso politak ematen dizkigu. Gureak baldin badira horri ematen diogu lehentasuna. Hori da apustua.
Noski, horrek ez du esan nahi politikan sartzen ez garenik, noiz eta orain. Baina, politika gaietan saturazio puntu bat dago.
Gai sozialak dira orduan zuen apustuaren oinarri?
Bai, hasieratik, eta lan taldea bera ere egituratuta daukagu maila horretan. Gai sozialetan egunero 5-6 lagun dabiltza lanean. Eta gai sozial asko herrietatik ateratzen ditugu. Guk Gipuzkoako ikuspegia ematen dugu, Gipuzkoa begirada batean, hori da gure planteamendua. Eta Gipuzkoa oso txikia denez, berehala jabetzen gara herri bateko gai sozial batek Gipuzkoa osoko transzendentzia daukala. Hernanin txotxeko gaiarekin gertatzen da hori, edo Irunen garbitasun grebarekin edo beste gai askorekin. Eta horrek izugarrizko jokoa ematen digu.
Euskera, «naturaltasunez»
Gipuzkoan 15 urtetik gorako pertsonen % 48ak dakizki euskera eta gaztelera, eta beste % 12 pasak euskera ulertu egiten du. Jaurlaritzako datuak dira. Noticias de Gipuzkoa egunkarian euskerak beste proportzio batzuk ditu. Hizkuntz irizpideei buruz galdetuta, Arantzazu Zugastik dio euskerarekin naturaltasunez jokatuko dutela, baina, argi izanda «gazteleraz dabilen merkatuaren bila dijoazela, eta ez euskeraz dabilen merkatuari eustera. Gu ez gara Berria. Era berean, argi daukagu Gipuzkoan gaudela eta gure kazetari ia denak elebidunak dira, eta gure korresponsari denek dakite euskeraz eta erderaz. Orduan, notizia bat euskeraz sortzen bada, euskeraz ematen dugu, eta erderaz bada erderaz. Ez dugu kuotarik aplikatzen».