Kantua kaxkora itzuli zenekoa

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 12a, 02:00

Pasa den urteko urritik hernaniar talde bat betiko kantak abestera ateratzen da hilabete bakoitzeko bigarren larunbatean. Atzo ere ibili ziren, txistulari eta guzti kaxkoan giroa jartzen.

plaza berria, eguerdiko hamabiak. Berrogei pertsonatik gora paperak eskuan, eztarriak garbi eta borobilean bilduta. ´Boga, boga...` kantatzen hasi dira, eguerdiko errepertorioko lehendabizikoa. Hori eta beste hainbat kanta ezagun entzun ahal izan zituen atzo eguerdian kaxkora hurbildu zenak, kalez kale kantari ekimenari esker. Ordu pare bat pasa zituzten bertara hurbildutakoek kalean gora eta behera txistularien laguntzaz betiko abestiak kantatzen. Ez ziren faltatu ´Maritxu nora zoaz`, ´Xalbadorren heriotzean` edo ´Nere aitak amari` bezalako klasikoak, ezta hain ezagunak ez izan arren gustora kantatzen diren ´Baratze bat` bezalakoak. Tartean barreak, etenaldiak eta desafinatzeren bat edo beste. Bazkalaurreko giroa ederki poztu zuten behintzat. Ekimen arrakastatsua Kalez kale kantari ekimenak urrian eman zuen lehen pausoa, kaxkoko kaleetan abesteko ohitura galtzen ari zela ikusita, herritar talde batek hileroko bigarren larunbatean bildu eta erronda egitea erabaki zuenean. Lehenago Urretxun edo Donostian ere eginak zituzten horrelako gauzak (Urretxuren kasuan badaramazkite 19 urte dagoeneko kantuaren inguruko ekimen honekin) eta horrek animatu zuen Hernaniko jendea. Orain artean arrakasta handia izan du saio honek eta giro polita sortzen dute kantatzera ateratzen diren bakoitzean. Azpimarratzekoa da besteak beste urtarrilean 120 pertsona inguru bildu zirela aterki eta guzti ´Euripean kantari` pelikulako pertsonajeen antzera aritzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!