Karabel eta Txantxillan 287 etxe dituzte egitekoak. Hotelaren ordez etxeak egiteari hasierako onarpena eman zion Plenoak.
pLENOA izan zen atzo udaletxean. Bertan onartu zen batetik, Txantxilla eta Karabelen 287 etxe egiteko hitzarmena eta bestetik, Agustinetan egitekoa zen hotelaren ordez etxeak egiteari hasierako onarpena eman zitzaion. Horrez gain Aitor Zinea zena etxe bihurtzeko planari aurkeztutako alegazioari erantzuna eman zion plenoak, eta Aiako Harria parke naturala kontserbatu eta berreskuratzeko Diputazioak eta Udalak sinatutako hitzarmenari baiezkoa eman zion. 2006an
Udaleko Euskara Plana izan zen Plenoak onartutako beste puntua.
Txantxillan eta
Karabelen etxeak
Atzoko Plenoan Karabelen eta Txantxillan 287 etxe egiteko hirigintza hitzarmena onartu zen. Txantxillan tasatutako 95 etxe eta prezio libreko beste 56 etxe egingo dituzte. Karabelen, trenbidea eta Portuko bidearen artean egingo dituzte babes ofizialeko 56 etxe eta prezio libreko beste 80. Udaletik jakinarazi dute Karabeleko etxebizitzetan 175m2-ko lokala egokituko dela auzotarrentzat.
Etxe hauek egiteko hitzarmena onartuta, eraikitzeko tramiteak hasiko dira: aurrerapen dokumentua, sujerentziak, urbanizazio planari hasierako onarpena eman, erakusketa publikoa, alegazioak jaso eta aztertu, eta Udalak onartu. Behin betiko onarpena Diputazioak eman behar dio.
Babes ofizialeko etxebizitzetan izena eman nahi dutenei begira, Udalak esan du oraindik luze joko duela horiek eskuratzeko oinarriak onartzeak.
Agustinetan hotelaren
ordez etxeak
Plenoan hasierako onarpena eman zitzaion baita ere Arau Subsidiarioen aldaketa egiteari, Agustinetan hotela egin ordez 16 etxebizitza egiteko. Hasierako onarpena eman ondoren orain boletinean publikatu eta hilabeteko epea egongo da erakusketan alegazioak egin ahal izateko. Ondoren behin behineko onarpena emango zaio. Behin betiko onarpena Diputazioak eman beharko du.
Aitor Zinemak antzokia
izaten jarraitzeko alegazioa
Aitor Zinemak etxebizitza bihurtzeko PERIari (antzoki zena etxe bihurtzeko plan berezia) aurkeztutako alegazioa aztertu zuen atzo Plenoak. Alegazio horrek eskatzen du Aitor Zinemak antzoki izaten jarraitzea.
PERIaren onarpena proposatu zuen Udal gobernuak, baina oposizioaren eskariz mahai gainean geratu da oraindik. Onartu eta geroko tramiteak dira: boletinean publikatu eta erakusketa publikoan jartzea hilabetez, alegazioak jaso eta aztertu, eta behin behineko onarpena eman. Diputazioak eman beharko du behin betiko onarpena.
Aiako Harria parke
naturala berreskuratu
Aiako Harria parke naturalean bertako zuhaitzak aldatu eta ingurugiro aldetik berreskuratzeko lanak egiteko Diputazioak eta Udalak egindako hitzarmena ere onartu zuen Plenoak. Life Aiako Harria da ingurugiro programaren izena eta Europar Batasunak hainbat programen artean aukeratu du diru laguntzak emateko. Aiako Harria osatzen duten Udalerri ezberdinek burutuko dituzte lan horiek.
Hernaniri dagokionean batez ere egingo dena da Usoko-Erreka eta Epelerrekako 30 ha-tan haritza eta pagoa aldatua norteko haritza eta pinuaren ordez.
Udaleko euskara plana
Plenoan onartu zen Udaletxean 2006an egin beharreko euskara plana ere. Plan hau 2000garren urtetik dago martxan eta urtero-urtero ematen dira urrats berriak. Plan honen asmoa da Udaletxeko lanerako hizkuntza euskara izatea. Aurten honakoak dira plan honek markatzen dituen lan eremuak: batetik, langileei tresnak ematea, egin beharreko lanetan euskara erabiltzeko; eta bestetik, Udalak egiten dituen jardueretan (aldizkaria, kontratazioak, ekitaldiak, itzulpen politika...) hizkuntza irizpideak markatzea.
Bigarren lan multzo horretan azpimarratzekoa da kontratazioei dagokiena, Udalak erabaki baitu kontratatzen dituen zerbitzu ezberdinei (garbiketa, kultur etxeko ikastaroak...) zein hizkuntz eskakizun egin.
Euskara planari jarraipena egiteko batzordea ere hartzen du kontuan erabakiak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!