Barrunbean ernetu eta Leokan jaio

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 19a, 02:00

DUELA hilabete inguru iragarri zuen Udalak Leoka labaderoa berrituko duela. Proiektua onarturik dago eta horren arabera materialak eraberrituko dituzte, pinuaren ordez haritz egurra jarrita adibidez, teilatua konponduko dute eta ur eta elektrizitate sistemak lur azpitik pasako dituzte. Gainera, argia jarriko dute bertan. Leoka labaderoa Ondare Historiko Artistiko deklaraturik dago eta haren ondotik pasatzen da Santiago Bidea, Gipuzkoan barrena jarraitzeko. Hori dela eta, Udalak labaderoa itxuraberritzea erabaki du.
Ez da lehenengo aldia Ez da lehenengo aldia labaderoa konpontzen dutela. Paradoxa dirudien arren, garbilekuak beti izan ditu garbitasun arazoak eta antzinako dokumentuetan behin eta berriz azaltzen da hori. Iturri ondoko labaderoa XVI. mendean egin zuten eta ordutik hainbat aldiz eraberritu dute. Hiru muturreko iturria, labaderoa eta animalientzako aska aurkituko ditu bertara hurbiltzen denak. Iturri ondoan matadero bat izan da orain gutxi arte eta Leoka etxeko maizterrak (labaderoaren gainaldean dagoenak) iturria garbitzeaz gain, mataderoa ere garbitu behar izaten zuen. Horrez gain, Leokako ura suteak itzaltzeko erabili izan da eta maizterrak bertako askan nahikoa ur izango zela ziurtatu behar zuen.
´Usa dezatela guztiyak Leokako iturriko ura` XIX. mende bukaeran, Leokako labaderoaren egoera tamalgarria zen, erdi erorian baitzegoen. Hala ere, Leokako ura beti esan izan da Hernaniko garbi eta onentsuena dela. 1885ean kolera gaitza zela-eta Hernaniko alkateak bando bat idatzi zuen, Leokako iturriko ura bakarrik erabiltzeko aginduz, Plazan, Plazaberrin eta Zinkoenean zeuden iturrien ordez: `arkitzen det neurririk onena bezela, bezino guztiyari konsejuba ematia ez dezatela naiz erateko eta naiz beren etxeko biarretarako usatu erri barrunbeko iru iturriyetako urik, baizikan usa dezatela guztiyak Leokako iturriko ura` dio Ruperto Erize alkateak bandoan. 1916an, labaderoaren egoera tamalgarriari buelta emateko, sakoneko obra batzuk egin zituzten eta gaur egun leku hark duen itxura eman zioten. 1980 urtean, berriz eraberritu zen eta azkeneko garbiketa 2000. urtean eman zioten Langile ikastolako neska-mutilek.
Suila buru gainean Ura berandu sartu zen herriko etxeetara, eta hori baino lehen, asko ziren Leokara ur bila edo arropa garbitzera joaten ziren emakumeak. Arropak inguruko zelai eta zuhaixketan zabaltzen zituzten, eguzkiak zuritzeko eta hernaniar askok oraindik oso gogoan dituzte Leokara egiten zituzten bueltak, suila buru gainean jarrita. Hernaniko barrunbeko ura Leokan azaleratzen da; eta Leokako iturriak, ur freskoaz gain, historia dario oraindik.
Langileko ikasleek berritu zuten duela urte batzuk Leokako labaderoa berritu zuten azkeneko aldia 2000 urtea izan zen. Orduan, Langile ikastolako neska-mutil batzuk proposamena egin zioten Udalari, ekologia tailerraren bitartez Leoka garbitzeko. Egunak pasa zituzten askak garbitu, paretak margotu, teilak aldatu eta estolderia eraberritzen. Txukundu ederra hartu zuen Hernaniko txoko preziatu honek. Inaugurazio egunean, bertso, txalaparta eta antzerki bidez garai bateko labaderoko giroa irudikatu zuten ikasleek. Bizia eman zioten iturri zaharrari, ur berria.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!