Hernaniko 11 enpresa dira kolektorera ur zikin ‘bereziak’ isurtzen dituztenak

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 11a, 02:00

Zerga berezia ordaintzen dute enpresa horiek, isurtzen duten sustantzia arriskutsu kopuruagatik.

Hernaniko enpresetatik 11 dira ur zikin bereziak isurtzen dituztenak kolektorera. Talde honetan sartzen dira ondoko sustantzia arriskutsuak sortzen dituzten enpresak: Nitrogeno totala Kjeldahl (NTK), Fosforo totala, Olio eta koipeak, kloruroak, sulfatoak, kobrea, kromo totala, merkurioa, zinka, kadmioa eta Fenolak. Horrez gain, urtean 100.000 m3 baino gehiago isurtzen dutenak edo ura hornikuntza saretik kanpo jasotzen dutenek ere zerga berezia ordaintzen dute. Kolektorea bakarra da eta ur zikin guztiak batera joaten dira Hernanitik, oraindik ere itsasora. Kutsaduraren prezioa Urak saneatzeko eta depuratzeko zergak bi parte ditu: 1) Batetik ur zikina jaso, eraman eta itsasora botatzea ordaintzen da. Udaletxeak kargatzen du ur potablearen fakturan eta gero pasatzen dio Añarberi. Guztientzat berdina da tarifa: 9,9939 zentimo/m3. 2) Bestetik, urak depuratzeagatik ere portzentaia bat ordaintzen dute erabiltzaile normal eta enpresek. Herritarrek eta sustantzia arriskutsurik sortzen ez duten enpresek, ur edangarria ordaintzean jartzen dute beren partea eta Udala da Añarberi dagokiona pasatzen diona. 2006ko tarifa da 10 zenmo/m3. Enpresa bereziek kopuru hau kutsadura karga koefizientearekin biderkatu behar dute. Zenbat eta kutsadura gehiago sortu, gehiago ordaindu beharko dute beraz. Zenbait enpresak beren depuradorak dituzte, ur zikinak kolektorera isuri aurretik kutsadura kopurua jaisteko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!