Urumeako kolektoreak errio inguruan dauden industrien ur zikinak hartzen ditu eta orain artean bere horretan bota izan dira itsasora. Europako normatiba berrien arabera, ordea, ur zikin hauek tratatu eta garbitu beharra daude itsasora bota aurretik. Loiolan egindako depuradorak normatibak onartzen dituen neurrietan jarriko ditu ur zikinak. Añarbeko mankomunitateko kolektoreetako urak (tartean Urumeakoa), Loiolako depuradoran garbituko dira. Depuradora bukatua dago dagoeneko eta inauguratu ere egin zuten. Badirudi ordea oraindik ez dagoela martxan araztegia. Añarbetik konfirmatzekotan gelditu dira martxan noiz jarriko den eta Urumeako kolektoreko urak noiz garbituko dituen.
4.500 litro segundoko
4.500 litro ur zikin segundoko eraman lezakete kolektoreek depuradorara, kopururik gehiena daramakiten momentuetan. Normalean 1.606 litro segundoko hartu beharko ditu hala ere, Añarbeko mankomunitateak egindako azterketak dioenez. Urumeako kolektorea da zikin gehien daramakiena: 631 litro segundoko normalean eta 1.600 litro segundoko gehien daramakien uneetan; Pasaiko badiako kolektoreak 562 litro segundoko hartu ohi ditu normalean eta 1.400 gehieneko momentuetan; Donosti aldekoak, berriz, 413 daramakizki normalean eta 1.500 gehien daramakien momentuetan. Etorkizunean kopuru hauek haunditu egingo direla aurrikusten du Añarbeko mankomunitateak eta depuradorak 6.000 litro segundoko hartzeko kapazidadea beharko du, kolektoreek urik gehien daramakiten momentuan, eta normalean 2.647 litro segundoko eramatea aurrikusten da.
Lohi garbitzea
Loiolako araztegira iristen diren ur zikinek tratamendu bat baino gehiago izango dute, itsasora bota aurretik normatibak uzten duen neurrietara egokitzeko. Lehenengo lohi larrienak bilduko dituzte eta gero lohi finagoa ere bilduko da. Lohi hori da tratamendu gehien beharko duena, bertederora bota aurretik. Ahalik eta gehien lehortu eta ahalik eta materia inerteena lortzea da helburua, ekarri lezakeen kontaminazioa kentzeko. Bestaldetik ura bera garbituko dute eta itsasora joango da ur hori.
Aurten irekitzekoa
Loiolako araztegia Estatuko administrazio nagusiak egin eta finantziatu du, Ingurugiro eta Iparraldeko Ur Konfederazio Ministeritzatik. 1998an atera zen lehiaketa publikora eta 2000garren urtean adjudikatu ziren obrak, 36 hilabeteko ejekuzio epearekin.
Aurrekontua 25.521.979 eurokoa zuen hasierako proiektuak, baina, proiektuak izan dituen aldaketak direla eta 30.366.684 eurotara igo zen (5.052.591.084 pezeta).