Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur izan det zure heriotzaren berri, etxera deitu dudanean amak eman dit zoritxarreko albistea. Oraindik ezin det sinetsi.
Goiz osoa pasa det patioan bueltaka eta esan behar dizut zu izan zarela nere patiokidea gaurkoan. Eta orain, ziega txiki honetan ere, ezin det zure irudia burutik kendu. Zurekin igarotako momentuak datozkit gogora: Xaxi, Pittu, Txuria eta gainontzekoekin Rufinon eta Oiarbiden urtero egiten genituen sagardotegiak; politikari buruz izaten genituen solasaldiak; Etxerat-eko enkarteladak; Herrikoan eskeini zenigun laguntza; Herri Batzarretan egiten zenituen ekarpenak; euskeraz hitz egiteko egiten zenuen ahalegina; ... Oso gogoan ere duela hilabete pare bat nere gurasoak, izeba eta lehengusua honaino ekarri zenituela zure kotxe berrian, hileroko vis a vis familiarra egin zezaten. Zu espetxearen kanpoaldean gelditzera behartu zintuzten, etxe hauetan arauak zorrotzegiak direlako euskaldunontzat.
Pertsona langilea, konprometitua eta apala zinen, eta hutsune haundia utzi dezu. Eskerrik asko GERARDO, erakutsi diguzun guztiarengatik eta izan zarena izateagatik.
Izan direlako gara, garelako izango dira. (Muxu haundi bat Mari Karmen, Elena eta Danirentzat. Eutsi goiari!).
Gorka Loran Lafourcade
Euskal Preso Politikoa
Valdemoron, 2006ko
urtarrilaren 28an
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!