Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostegunean batzarra izan zen Biterin 18/98 sumarioen egoera azaltzeko. Datozen egunetan martxan jarriko dituzten hainbat ekimenen berri ere eman zuten.
18/98+ plataformak batzarra egin zuen joan den ostegunean Biterin eta bertan herriko sektore ezberdinetako hainbat eta hainbat eragile bildu ziren.
Osteguneko batzarraren helburua zen bertaratu zirenei 18/98 sumarioen inguruko informazioa ematea, eta gaur egun epaiketak zein egoeratan dauden azaltzea.
Ikuspuntuak
Elena Beloki eta Mikel Korta izan ziren hizlari Biterin. Azkeneko honek azaldu zuenez ´hankasartzea litzateke epaiketa hauek soilik ikuspuntu juridikotik begiratzea, politikoak baitira`, bere ustetan ´eraikuntza nazionalean` aritzen diren mugimenduak ´mozteko` saiakera bat dira 18/98 sumarioak.
Horretaz gain, Kortak esan zuen kontua ez dela ´elkartasuna` adieraztea sumarioan inputaturik daudenekin ´jomuga denak gara eta ez bakarrik ezker abertzalea`, argitu zuen. Bukatzeko Xaki kasuan inputaturik dagoen Kortak ´arriskua` ikusi zuen epaiketak ´zirko` gisara soilik hartzea: ´fribolitaterako eta desmobilizaziorako joera ekar dezake horrek, ‘zirko’ horiengatik milaka pertsona espetxeratu dituzte herri honetan 30 urtetik hona`, esan zuen.
Manifestaziorako
atxikimenduak
Elena Belokik datozen egunetarako mobilizazioen berri eman zuen. Alde batetik gogoratu zuen datorren larunbatean manifestazioa izango dela Bilbon eta horretarako atxikimenduak biltzen ari direla Hernaniko sektore ezberdinetan, e-mail helbidea ere eman zuen atxikimenduak jasotzeko
(hernani1898@euskalerria.org). Manifestaziora joateko autobusak jarriko dituzte Hernanitik.
Horretaz gain, mahaiak jarriko dituzte materiala saldu eta epaiketaren gastuak kubritzeko ´epaiketa honek ekarri duen beste arazo bat hori izan baita`, esan zuen Belokik.
Ostegunero Biterin
18/98+ plataformak talde bat sortu du Hernanin eta ostegunean azaldu zutenez astero biltzen dira, ostegunez Biterin, plataformaren ekimenen inguruan lan egiteko. Herritar guztiak gonbidatu zituzten lan taldean parte hartzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!