Arrosa, irratien elkarlanerako gunea, saioak egiten ari da irrati ezberdinetan emititzeko

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 10a, 02:00

Larramendi kalean du irrati estudio txiki bat Arrosak. Irrati ezberdinetako saioak elkartrukatzeaz gain, bertan ere hasi dira saioak sortzen.

ARROSA, irratien elkarlanerako guneak, Larramendi kalean duen estudio txikian, saioak osatzen ari da, Arrosa sarearen barruan sartuta dauden irratietara banatu eta haiek emititu ahal izateko. Arrosak orain arte egin duen lana izan da, internet bidez irrati hauetan sortutako irratsaioak elkartrukatzea, baina orain estudio txiki horretan saioak egiten hasi dira irrati ezberdinetan emititzeko. Gorka Setien, Irantzu Jauregi eta Amal Ariztimuño ari dira Arrosako elkarlanerako zentru horretan koordinazio lanak egiten, eta saio berri hauetako bat sortzen. Urtzi Urkizu ere batu zaie saio berri hauetako bat osatzeko. ‘Mozketipe’ eta ‘Berez bai’ saioak Mozketipe eta Berez bai dira Arrosa irratien elkarlanetako gunean ekoizten ari diren saioak. Mozketipe saioa Urtzi Urkizu kazetariak egiten du. Adineko jendeari elkarrizketak egiten dizkie eta musika, bertsoak eta bestelakoak tartekatzen ditu. Berez bai magazinean, Irantzu Jauregi eta Gorka Setien aritzen dira esatari lanetan eta teknikaria Amal Aristimuño da. ´Magazine honetan interesgarria iruditzen zaigun jendeari egiten dizkiegu elkarrizketak. Jende helduak, esaterako, kontatzeko gauza asko dituela uste dugu. Elkarrizketatuen esanak, musika, ipuinak, poesia eta irakurketa interesgarriekin tartekatzen ditugu` dio Gorka Setienek. Berez bai saioan elkarrizketatu dute Hernanin bizi izan den jendea. Batetik, Josebe Goiari garai batean egindako elkarrizketa moldatu dute, Gerra Zibileko pasadizoak kontatzen zituena. Manoli Olano eta Anastasia Leundari ere egin diete elkarrizketa eta baita Iñaki Segurolari ere. Arrosa sarean jartzeko irratsaioren bat grabatu nahi duen jendea animatu nahi dute Larramendi kaleko 11 behea lokaletan duten estudiora joateko. Internet bidezko sarea Gorka Setien eta Irantzu Jauregik argi utzi nahi izan dute Arrosa ez dela irrati bat, irratien elkarlanerako gune bat baizik, internet bidez funtzionatzen duena. Arrosa sareari lotutako irrati ezberdinek beraien estudioak moldatu dituzte azkeneko urteetan sare honekin lotura izateko. Horrela irratsaio ezberdinek interneten dagoen zerbitzaile batean zintzilikatzen dituzte saioak, eta irrati bakoitzak interesgarriak iruditzen zaizkion saioak jaisten ditu internetetik, gero emititzeko. ´Irrati batzuek sare honi esker franja berri bat sortu dute beste irratietan sortutako saioekin`. Sare horretara ezin du edozeinek sartu, barruko sarea baita. Horrez gain irrati hauek tarteka bilerak ere egiten dituzte sortzen diren arazoak eta esperientziak elkartrukatzeko. wArrosari lotutako estudioak Antxeta Irratia (Txingudi), Arraka Irratia (Lekeitio), Gure Irratia (Lapurdi, Oarsoaldea, Donostialdea), Hala Bedi Irratia (Araba, Sakana, Errioxa), Irulegi Irratia (Behe Nafarroa), Matrallako Irratia (Eibar), Oiartzun Irratia (Oiartzun), Tas Tas Irratia (Bilbo), Txapa Irratia (Bergara), Txolarre Irratia (Tolosaldea), Xiberoko Botza (Zuberoa), Xorroxin Irratia (Baztan Bidasoa), Zintzilik Irratia (Errenterialdea), Gazte Sarea (Andoain) eta Aztibegia (Urruña).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!