Komunikazio kanpaina, txotx denboraldian sortzen diren arazoak konpontzeko

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 8a, 02:00

Udala, Kaxko auzo elkartea, sagardogile eta tabernariek jarri dute martxan. Bizilagunen loa errespetatzeko eskatzen da.

TXOTX garaiko jarraipen batzordea osatzen duten Udalak, Kaxko auzo elkarteak, sagardogileek eta tabernariek komunikazio kanpaina jarriko dute martxan. Kanpainan adierazi nahi dute Hernani denentzat irekia dagoen herria dela, baina biltzen den jende kopurua ikusita errespetuzko jokabideak beharrezkoak direla, batez ere bizilagunen loa errespetatzeko.
Mezu hau zabaltzeko herri barruko autobusetan, (aurten sagardotegietara ere joango dira), panelak jarriko dituzte eta irrati ezberdinetarako kuinak prestatu dituzte.
Kuina hauek Euskadi Gaztea, 40 Principales, Euskadi Irratia eta Radio Euskadin entzun ahal izango dira.
Komunikazio kanpaina honek 12.000 eurotako aurrekontua du.

Beste neurri batzuk
Horrez gain Udalak heziketa programa bat ere jarri du martxan sagarra eta sagardoaren inguruko gai ezberdinak landuz (historia, ekonomia..) eta helduxeagoak direnei kontsumo arduratsua egiteko beharraz ere hitz egin zaie.
Udaltzaingoaren presentzia indartzea ere erabaki da, tabernen itxiera ordua, zarataren inguruko araudia eta kalean pixa egiten duten pertsonak kontrolatzeko. Sagardotegietara doazen autobusak aldiz, tabernak itxi eta ordu erdira utzi beharko dute herria.
Aurten lehenengoz Osiñaga aldera lineako autobusak jarri dira ostegunetik larunbatera. Urbietatik: 20:30, 21:00 eta 21:30etan eta Elorrabitik, 23:00, 23:30 eta 24:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!