Hatzi Klimbers eskalatzaile taldeak eta Mendiriz Mendik bi ikastaro antolatu dituzte mendizale eta harroka zaleentzat. Lehenengo ikastaroa elur-jausietan ARVAk erabiltzen ikastekoa da. Bigarrengoan, berriz, eskalatzeko entrenamenduak nola prestatu erakutsiko dute. Bi ikastaroak debaldekoak dira eta plaza mugatuak izango dituzte. Izen emateko 618 611 943 telefonora deitu behar da.
ARVAk, elur-jausietako salatariak
Hatzi Klimbers taldea da Etxeberriko rokodromoaz arduratzen dena eta orain gutxi ARVAk erosi ditu elurretan ibiltzen diren taldekideentzat. ARVAk elur-jausi batek harrapatu ezkero non zauden salatzen duten tresna batzuk dira. Bi posizio izaten ditu ARVA bakoitzak, bata mezua bidaltzekoa eta bestea mezua jasotzekoa. Elur jausiak norbait harrapatu ezkero, ARVAk non dagoen seinalea bidaliko du horrela, kanpoan dagoenak seinale hori jaso lezake eta elur artean bilatu.
Elur-jausietatik jendea bizirik ateratzeko erremedio oso ona izan liteke ARVA, ondo erabili ezean, ordea, ez du ezertarako balio. Ikastaroa Mendiriz Mendiko bulegoan izango da otsailaren 15ean eta 16an, arratsaldeko 19:30etatik 21:30etara eta Josu Ulazia taldekide eta Goi Mendi Eskolako kideak emango du. Ikastaroa irekia da nahi duen guztiarentzat eta 25 lagunentzako izango da tokia.
Elurra ezagutzen ikasi
Josu Ulaziak Kronikari esan dionez, ARVAk Alpe inguruan erabiltzen dira gehien gaur egun, baina, Pirineotan ere dezente erabiltzen hasi dira. Mendira elurretako pala eta sonda eraman behar dira ARVArekin batean, elurretan dagoena atera ahal izateko. Zoritxarrean elur-jausiak harrapatu ezkero, gorena gelditzen saiatu behar dela dio Ulaziak. Lehenengo 15-20 minututan jendea bizirik ateratzeko aukerak oso haundiak omen dira baina hortik aurrera asko jaisten dira.
Arvak erabiltzen erakusteaz gain, elurra mendian nola formatzen den ere azalduko du eta elur hori zein egoeratan dagoen jakiteko pista batzuk emango ditu: haize plakak direla... Gaur egun, hala ere, elur-jausi arriskuaren berri ematen dute Pirineotan, eta elurretara joan aurretik horri begiratu behar zaio, mendizalearen hitzetan, ´eguraldi parteari begiratzen zaion bezalaxe`.
Entrenatzen ikastea
Bigarren ikastaroa eskalatzaileei zuzendurikoa da. Entrenatzen erakustea da helburua eta entrenamenduak nola planifikatu, helburuak nola bete, nola hobetu eta abar erakutsiko du Josu Merino eskalatzaile eta Goi Mendi Eskolako kideak. Otsailaren 19an izango da ikastaro hau, igandearekin. Goiz eta arratsaldeko ikastaroa da, hasi goizeko 09:30etan eta 19:00ak arte. Etxeberriko Hatzi Klimbers rokodromoan emango du ikastaroa eta 12 lagunentzako izango da tokia. Eskalatzen gradua igo, bia bereziren bat egin, helbururen bat jarri edo besterik gabe bere maila hobetu nahi duen jendearentzat oso baliagarria izan liteke entrenamenduak planifikatzen erakutsiko dion ikastaro hau.
Teoria eta praktika
Lehenengo orduan teoria azalduko du eta hortik aurrera praktikan jarriko dute azaldutakoa: beroketak, blokea, indar trabesia eta erresistentzia, tabla ariketak eta kanpusa, isometrikoak, suspentsioak, idar maximoa eta jarraipen trabesia. Bukaeran jendearen dudak argitzeko denbora izango da, eta entrenamendu desberdinak nolakoak izaten diren azalduko du Merinok.