Ereñotzuko Basterrola etxeko bizilagunek gaur deklaratuko dute epaitegian, bigarren aldiz

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 7a, 02:00

Etxea ´usurpatu` izanagatik salatu dituzte. Basterrolan bizi direnek salatu dute etxea txikituta zegoela okupatu zutenean.

EREÑOTZUKO Basterrola etxean bizi direnek, Kronikara bidalitako idatzian jakinarazi dute gaur deklaratzera deituta daudela Donostiako epaitegira. Adierazi dute iazko urrian Ertzantzak etxera joan eta identifikatu ondoren, bigarren aldiz denuntziatu egin dituztela.

2.000 urtetik okupatuta
Ereñotzuko Basterrola etxea 2.000 urtean okupatu zuten: ´etxea okupatu genuenean sabaia apurtuta zuen eta uraren eraginez, sukaldea txikituta zegoen. Etxea giza zein saguen zikinkeriaz beteta zegoen. Ustezko jabeak ez ziren inoiz etxera joaten eta ez zuten etxea inoiz etxea garbitzen`. Diote etxebizitza utzita zegoela eta beraiek txukundu ez balute gaur egun Basterrola Urumea errio ondoko beste hondakin bat izango litzatekeela. Horren adibide dira Ereñotzuko zentrala edo Epele-Etxeberri jatetxea, duela bi hiru urte ´hondakin bihurtu direnak` gaineratu dute.

Etxearen egoera legala
Etxearen egoera legalari buruz diote: ´Basterrola hasiera batean, ilegalki abereak gordetzeko eraiki zen eta geroago etxebizitza bezala egokitu zen. Jabeek soilik lurraren salerosketa kontratua dute (1925ekoa) eta bertan ez da etxebizitzarik azaltzen`.
Azaldu dutenez, lur horien eroslea ez da bizi eta bere familia da orain lurren jabea: ´senideetako batek salatu gaitu eta bigarren aldia da, usurpazio akusazioarekin salatu gaituela`. Lehenengo salaketari buruz diote Donostiako epaitegiak 2002garren urtean artxibatu egin zuela ´etxearen jabetzaren inguruko froga nahikorik aurkeztu ez zutelako eta salaketa ez zuelako kontratuaren sinatzaileak jarri` azaldu dute idatzian.
Lurra salgai
Basterrola etxea eta terrenoa salgai daude gaur egun 20 miloitan, idatziak dioenez: ´jabeek lur horiekin espekulatu nahi dute. Lurra berez oso erakargarria ez denez etxeak ematen dio balio bakarra. Baina horretarako hutsik egon behar du`. Diote beraiek direla etxea zutik mantendu dutenak eta ez dutela utziko beren ´lanarekin espekulatu dezaten`. Azpimarratu dute auzotar gehienek arrazoi ematen dietela eta berentzat irtenbide bakarra gune berri bat okupatzea izango dela, baina bitartean etxeagatik borrokatzen jarraituko dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!