EGURALDIAK, iaz ez bezala, asko lagundu zuen atzoko Adarraga Memorialean. Hotza bai, baina euririk ez; eta errugbi zelaiko belarra tinko zegoen, gehiegi lokaztu gabe. Beraz, giro paregabea atzo korrika egiteko, eta hala egin zuten Hernanira Gipuzkoa osotik etorritako 400 atletak gaztek. Izan ere Adarraga Memorialaz gain, Hernaniko 19garren krosa eta Gipuzkoako Eskolarteko txapelketa jokatu ziren Landaren.
20 atleta Hernanitik
Alebin, infantil eta kadete mailako lasterketan izan ziren goizeko 10:00etatik aurrera eta bertan 20 atleta hernaniarrek parte hartu zuten. Hala ere, aurtengoan ezin izan dute ez domina eta ez txapelik eskuratu.
Alebin mailan lehenengo hernaniarrak Olaia Auzmendi eta Tomax Elorza izan ziren, 30 eta 24garren postua egin zuten. Infantil mailan mutiletan ez zen hernaniarrik izan, baina nesken artean Miriam Arrozpidek bederatzigarren egin zuen. Azkenik, kadete mailan mutilen artean izan zuen ordezkaria Hernanik, Manex Pagola. Hamaikagarren postua egin zuen hernaniarrak, 16’21-eko denborarekin.
Omenaldia Pascual Ugartemendiari.
Eguerdi partean izan zen Diputazioko domina eta trofeoen sari banaketa. Baina horren aurretik Pascual Ugartemendia hernaniarrari omenaldi xumea egin nahi izan zion C.D. Hernanik, elkarte honetan lan asko egina baita. Ugartemendiak plaka bat jaso zuen Manu Irastorzaren eskutik. Bestalde, kadete mailako sariak Antxon Adarragak eman zituen.