100 urte, ´airean` pasa zaizkiola dio Fernandok. 1906ko otsailaren 5ean jaio zen, Santa Ageda egunean. Mende bat bere bizkarrean eta bizitza luze baten oroimena buruan. Errealeko jokalari izandako hernaniar honek baditu hamaika istori kontatzeko.
UMORETSU hartu gaitu bere etxean Fernando Lopez de Zubiriak, Kardaberaz kalean. 100 urteren ondoren irrifarra mantentzen du aurpegian. Berak dionez ´airean` pasa da mende bat, baina serio jarrita ondo bizi izan dela aitortzen digu ´ezin naiz kejatu`, dio.
Hernani, mende baten ondoren.
Garai batean ezagututako Hernani eta gaurkoa berdinak al diren galdetuta Fernandok azaltzen du ez duela zerikusirik, lehenago Hernani ´bi kale` besterik ez zirela. Hala ere Zubiriaren ustetan gaur egun Hernani ´leku atsegin bat` bilakatzen ari da eta gustatzen zaio nola ari diren kaleak eta plazak txukuntzen.
Iruñeara ikastera
Gaztetandik Iruñeara joan zen ikastera, bere aitak ere bertan ikasi zuen notaritza. Oroimen gozoak ditu Iruñeakoak hernaniarrak. Baina baita gaziak ere, esaten duenez sekulako hotza pasatzen zuen bertan ´orduan ez zegoen gaur egungo kalefaziorik`
San Ferminak ere gogoan ditu Fernandok, koxkortu zenean ezagutu zituen, Hemingwayk unibertsalizatu baino lehenago gainera.
Futbola, kirol ezezagun hori
Lopez de Zubiriak Iruñeara joan zenean ezagutzen zuen futbola, Donostian ibilia baitzen: ´orduan Osasuna ez zen fundatu ere egin`, dio. Bera izan zen, hainbat lagunekin batera Iruñeako futbolaren aintzidari.
Gero Hernanira itzuli zen, Astigarragako Gure Izarra taldean jokatu eta 1926an hasi zen Errealean: ´Nire bila etorri zirenean egun zoragarria izan zen`, dio Zubiriak.
Errealean lau denboraldi egin zituen, 1929ra arte. Bidaiak eta lagunak egin zituen bertan ´Antxon Arrilagak gurekin jokatzen zuen, Akarregiko Baroia deitzen genion, Jexux Izagirre, Zaldua, Benito entrenatzailea...` horiek guztiak ondo gogoan ditu hernaniarrak. Oraindik errealeko sozio izaten jarraitzen du, baina jadanik ez da partiduak ikustera joaten.
Egun haundi hau, etxekoekin eta behar den bezala ospa dezala opa diogu Fernando Lopez de Zubiriari.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!