SAGARRONDOTIK jaialdia indartsu dator aurtengoan ere. Orain artean
antolakuntzak hainbat musika talderen izenak aipatu zituen Hernanin izaten diren
makrokontzertuetarako. Sagardoaren sustapenerako jaialdia antolatzeaz arduratzen
direnek gainerako taldeen berri eman berri dute.
Martxoaren 17 eta 18rako musika eskaintza
Martxoaren 17an, ostirala, gaueko 21:00etatik hasita kontzertuan izango dira:
Chambao, THC, Sorkun, Loquillo y Troglloditas eta O’funk’illo. Martxoaren 18an,
larunbata, kontzertuak 21:00etan hasiko dira baita ere: Morodo & Ranking
Soldiers, Berri Txarrak, Celtas Cortos (Jesus Cifuentes-ekin), Betagarri eta
Living Colour.
‘Celtas Cortos’ eta ‘Living Colour’
Azken talde hau Hernanin izango dela atzo bertan konfirmatu zuten. Living
Colour rock taldea 90garren hamarkada hasieran egin zen ezagun. Jaialdiko beste
sorpresa bat Celtas Cortos taldea izango da, Jesus Cifuentes abeslaria taldera
itzuli eta gero, lehenengo kontzertua izango da martxoaren 18koa.
Sagardo festa eta herri kirolak
Sagarrondotik jaialdia ez da kontzertuetara bakarrik mugatuko. Horretaz gain
martxoaren 19an, igandea, sagardo festa izango da Urnietan eta horren ondoren
herri kirol lehiaketa antolatu dute, urtero bezala, Buruntzaldeko hainbat
herriren artean.
Jaialdiari buruzko informazio gehiago nahi duenak www.sagarrondotik.com
helbidera jo dezake.