GIMNASIA erritmikoak badu indarra Hernanin, 5 urtetatik 18 urtetara 120 neska
mutilek hartzen dute parte, alegia, 119 neska eta mutil batek. Baina hori ez da
Hernaniko egoera berezia, ia klub guztiek dauzkate mutil gutxi beren taldeetan.
Lehengo igandean egin zuten aurkezpen exibizioa Hernaniko kiroldegian eta
senitarteko ugari bildu zen gimnasta gazte hauen abileziak ikustera. Txapelketei
dagokienez, bihar bertan da txapelketa Astigarragan eta Hernaniko jubenilak
parte hartzekoak dira. Hilaren 11ean, berriz, benjamin mailako txapelketa izango
da kiroldegian eta parte hartzekoak diren 15 taldeetatik 7 Hernanikoak izango
dira.
Denen parte hartzea
Eider Blanco da Hernaniko taldeko entrenatzailea eta Kronikari azaldu dionez
helburu desberdinak dituzte adinez adin: ´gazteenek jolas egitea bilatzen dugu,
ondo pasatzea. Gero saiatzen gara erritmoa barneratzen eta aurrera egin ahala
kaña gehiago sartzen diegu`. Blancok esan digu taldeak bere gimnasta gazte
guztiak eramaten dituela txapelketetara, beren helburua badelako guztiek parte
hartzea: ´Hernaniko taldeko gimnasta guztiek hartzen dute parte txapelketetan,
baikoitzak bere mailan. Badira klubak onenak bakarrik bidaltzen dituztenak,
baina, Hernanin denek parte hartzea nahi dugu`.
Antzeko maila
Hernaniarrek denboraldi polita egin zuten iaz; esaterako, Euskal Herriko
txapelketan 2garren eta 4garren egin zuten Hernaniko kadete eta jubenil taldeek
eta buruz buru ere 2garren postua lortu zuten. Inguruko klubetako mailaren
antzekoa du Hernanik Blancoren hitzetan: ´denek antzera entrenatzen dugu eta
maila berdintsua da`.