BERDINTASUN Kontseiluak atzo eman zuen aurtengo beka deialdiaren irabazlearen
izena: Miren Aintzane Egiluz bilbotarra. Aurtengo gaia honakoa izan da:
Emakumeek Hernaniko historiari egindako ekarpena eta lau proiektu aurkeztu
dira guztira, eta horietatik Miren Aintzane Egiluz-enak irabazi du.
Bilbotarraren proiektuaren izena da: Una historia de mujeres: Estudio sobre
la situación femenina en la vida pública de Hernani entre los siglos XVI y XIX.
Berdintasun Kontseiluak ikerlana argitaratzeko asmoa du, bai euskaraz eta baita
gazteleraz ere.
Artxibo lana, batez ere
Hernaniko Kronikak Egiluzekin hitz egin du ikerlanaren berri jakiteko.
Bilbotarrak azaldu duenez, bere asmoa da emakumeek Hernaniko bizitza publikoan
izandako presentziari buruzko ikerketa bat egitea, zehazki esateko XVIgarren
mendetik hasi eta XIXgarren menderarte. Horretarako Egiluzek Udal artxiboko
fondoak erabiliko ditu batez ere: ´Bertako liburu aktak, kontu aktak, dokumentu
ofizialak...`, dio. Horretaz gain, bibliografia zabal bat erabiliko du, batez
ere Koldo Mitxelena liburutegitik ateratakoa.
Egiluzen hipotesia da emakumeak XVIgarren mendetik aurrera presentzia galtzen
joan zirela bizitza publikoan eta XXgarren mendera arte ez zutela presentzia
hori berreskuratu.
Esperientzia duen ikerlaria
Miren Aintzane Egiluzek historia ikasketak egin ditu Gasteizen eta momentu
honetan tesia burutzen ari da genero historiaren inguruan. Badu esperientzia gai
horretan, izan ere Balmasedako Udalarentzat lanean jardun baita, bertako
emakumeen historiaren inguruan.
Berdintasun Kontseiluaren beka 6.600 eurokoa da eta ikerlanak 2006ko abenduaren
31ean egina egon behar du.
Emakumeekiko Indarkeriaren kontrako Eguna, eskutitz lehiaketa
Berdintasun Kontseiluak Emakumeekiko Indarkeriaren Kontrako Eguna zela-eta
eskutitz lehiaketa antolatu zuen eta guztira 22 idazlek hartu dute parte bertan,
10 euskaraz eta 12 gazteleraz. Jakinarazi dutenez, irabazleak izan dira
Eguzki Lore eta Ranga ezizenarekin aurkeztu diren idazleak.