«Zuzeneko on bat entzungo dute gaur ‘La Fonda’ren kontzertura etortzen direnek»

Kronika - Erredakzioa 2006ko otsailaren 4a

LA FONDA, pop-rock, estiloko talde hernaniarraren kontzertua izango da gaur Plaza Berrin, arratsaldeko 19:30etan. Kronikak taldeko buru eta abeslari den Ibon Fernandezekin hitz egin du. Bere hitzetan gaur Plaza Berrira hurbiltzen denak zuzeneko on eta indartsu bat gozatzeko aukera izango du.

Zer entzun ahal izango da gaurko kontzertuan?
16 abesti ditugu prestatuta kontzerturako. Pop rocka da jotzen duguna, baina zuzenean rock kutsu gehiago du. Gu heavytik eta musika gogorretik gatoz eta hori nabaritu egiten da zuzenean. Gitarreo asko dago. Adibide bat jartzeagatik, esaten digute, El canto del Loco taldearen estilokoak garela.

Nola osatu zenuten taldea?
Ni talde askotan ibili naiz, bizitza guztia daramat musika egiten. Beti arazo bera izan dut, jendea aurkitzea taldea osatzeko. Kasu honetan lagun bat eta biok elkartu eta abesti bat egin genuen. Abestiak erantzun ona izan zuela ikusita, bide beretik abesti gehiago sortu genituen.
Nik instrumentu bat baino gehiago jotzen ditut eta gaur egun ordenagailuarekin posible da instrumentu guztiak batera jartzea. Gero musikariekin jarri ginen harremanetan eta abestiak ikasi zituzten.

‘Mixil’ eta ‘Blind Rock’ bezalako taldeetan ibili zara, oraingo hau estilo lasaiagoa da. Nolatan aukeratu duzu bide hau?
Bizitza guztia daramat musika egiten, estudio bat daukat eta sekulako diru inbertsioa egin dut. Gainera ura sartu zait behin baino gehiagotan eta sekulako kalteak sortu dizkit. Gauza asko utzi ditut hau egiteko, denbora musikari dedikatu nahi diodalako eta hontaz bizi nahi dudalako.
Ikusita egin genuen aurreneko abesti hark arrakasta izan zuela, bide hori jarraitu dut. Talde komertziala egin dugu, baina nik ez dut uste komertziala txarra izatearen sinonimoa denik. Abestiak sinpleak dira baina komentzimentuz egin ditugu.

Musika asko zaindu duzue baina zer diozu letrei buruz?
Letrak alaiak dira baina kritikoak. Hala ere, esate baterako gaur egungo merkataritzari buruz hitz egitean ´putos supermercados` esan beharrean, kontra joan beharrean, ´tiendas de barrio` erabiltzen dugu, auzoetako dendetan erosteko mezua bidaltzen dugu. Kritika alde positibotik egiten dugu.

Grabatu al duzue diskorik, edo asmorik ba al duzue?
10 abesti osatu genituenean disko bat grabatu genuen, nere estudioan. Asmoa zen zabaldu eta jendeari zer egiten dugun erakustea. Hemendik aurrera ikusiko dugu.

 

 

«Pop rocka egiten dugu baina heavy-tik eta metal-etik gatoz eta zuzenean nabaritu egiten da, soinu rockeroagoa
dugu zuzenean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!