2005 urtean hondakin gutxiago sortu eta gehiago birziklatu dugu

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 2a, 02:00

42.055 tona hondakin sortu dira eta horietatik 43.791 tona birziklatzeko izan dira, %31,71. Haurrentzako prebentzio kanpaina jarri du abian San Markosek.

SAN Markos Mankomunitateko arduradunek prentsaurrean azaldu zituzten atzo iazko urtean bertako zabortegian jasotako hondakinen datuak. Nabarmentzeko datuak dira inondik ere. Iazko urtean, lehenengo aldiz, San Markos mankomunitatea osatzen duten hamar herrietan (horien artean Hernani) sortutako hondakin kopuruak behera egin baitu, 147.000 tonatik 142.000 tonara, %3,41 beraz.

Iñaki Castillo San Markoseko zuzendari kudeatzaileak esan zuenez ´datu oso positiboak dira horiek`. Izan ere, hondakin gutxiago sortzeaz gain, gehiago birziklatu dugu 2005ean, kopuru osoaren %31,71 hain zuzen eta 2004an baina %2,87 gehiago. Beraz, datu horien arabera, 2004an baino %6,07 hondakin gutxiago isuri da San Markosen.

2009 urterako itxi
Hala ere, bertako arduradunen hitzetan, 2009 urterako zabortegia itxi egin beharko da, gaur egungo zabor kopuruak isurtzen jarraitu ezkero. Zaborra isurtzeko leku alternatiboei buruz galdetuta, Fermin Lorza lehendakariak azaldu zuen momentu honetan ´ataskaturik` dagoela kontu hori, baina beraien aukera errauskailua izan dela. 2009 urterako errauskailurik ez balego, ´behin behineko soluzioak` bilatu beharko dituztela ere azaldu zuten atzoko agerraldian.
 

2004 urtean biztanleko 483 kilo hondakin sortu genituen eta 2005ean berriz 466 kilo.

Birziklatzeko gehien igo den gaia ehuna izan da (%16), neumatikoen birziklapena %20 jaitsi da berriz.

Prebentzio kanpaina Lehen Hezkuntzan

Elena Egurrola San Markoseko ingurumen teknikariak Lehen Hezkuntzako haurrentzat abian jarri duten kanpaina baten berri eman zuen atzo, Zirt edo Zart: Murriztu deiturikoa. Hondakinak ez sortzeko prebentzio kanpaina bat da. Bi monitore ariko dira ikastetxeetan, jolasean eta gomendio praktikoen bidez haurrak kontzientziatzen. Hernanin bihar hasiko dira kanpaina horrekin eta otsailaren 13ra arte izango dira bertan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!