‘Sahararrak, herri bat erbestean’, Ander Gillenearen argazki erakusketa irekiko da gaur

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 2a, 02:00

Argazkilariak, Aljeriako Hamada desertuan, sahararrekin elkarbizitzen pasatako egunetan ateratako argazkiekin osatu du erakusketa. Bertako bizi baldintzak erakustea du helburu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!
ANDER Gillenea donostiarraren argazkiekin osatutako erakusketa irekiko da gaur Biteri kultur etxean. Sahararrak, herri bat erbestean da erakusketaren titulua eta argazkilariak 2004 urteko gabonetan Aljeriako Hamada desertuan sahararrekin elkarbizitzen pasatako egunetan ateratako argazkiak ikusi daitezke.

Argazkilariaren hitzetan asmoa da erakusketa honen bidez saharar errefuxatuek bizi dituzten baldintzak ezagutaraztea: ´bertako egoera ezagutu ondoren eta eginiko argazkiei esker, erakusketa hau prestatu ahal izan dut, saharar herriaren aldeko kontzientzia eta solidaritatea zabaldu eta bultzatzea helburua dudalarik` azaldu du.
Erakusketa hilaren 10a arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

30 argazki
Erakusketan 30 argazki ikusi ahal izango dira, koloretan positibatuta lientzoan, egurrezko euskarriarekin. Bertan ikusi daitezke esate baterako, Auserd wilayako (Auserd kanpamenduko) Nayem Hamiya ospitalea, emakumeen bilera bat Auserd wilayako Tichla dairan (Tichla auzoan), Smara wilayan ezkon-tza batetan ateratako argazkiak, Smarako Castro izeneko heziketa bereziko eskola, wilaya ezberdinetako kaleetan emakume eta haurren argazkiak, Aaiun eta Smarako ikuspegi orokorrak, Mohamed Abdelaziz Errepublika Sahararraren Lehendakariaren argazkia 27 de Febreron eta Hamada desertua erakusten duten argazkiak.

Interneten ere ikusgai
Erakusketako argazki batzuk ikusgai daude interneteko web orri honetan: www.sahuar.com/begiradak/andergillenea/index.html.

 

 

ANDER GILLENEA:
«Saharar herriaren aldeko kontzientzia eta solidaritatea zabaldu eta bultzatzea da erakusketa honen helburua»