Martxoaren 19tik, Hernaniko eta Astigarragako Herri Galdeketatik, bi aste pasatxo igaro direnean, bere balorazioa egin nahi izan dute BagaGiltzako kideek: «jende ugari jarri du abian Gure Esku Dagoko ekimenak, bide desberdinetakoak eta hiru belaunalditakoak, mugimendu anitz honen bueltan. Asko pozten gara, desberdinen arteko elkarbizitza izan delako», nabarmendu dute.
Azaldu dute, gainera, eskuzabaltasunez aritu direla lanean, eta harreman atsegina izan dutela Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoekin, sindikatuekin, kultur eta kirol elkarteeekin, merkatariekin... «Eta zer esanik ez, Hernaniko herritarrekin», azpimarratu du BagaGiltzak.
«4.253 hernaniarren partehartzea lortu izana, oso pozik egotekoa da»
Galdeketari dagokionez, azaldu dute: «hain bitarteko gutxirekin; gipuzkoar tokiko prentsak izan ezik (itzela Kronikaren lana), komunikabide nagusienek arretarik jarri ez digutenean, egun horretan 4.253 hernaniarren partehartzea lortu izana, oso pozik egoteko moduko emaitza da».
Eta aurreratu dute, lanean jarraituko dutela, «azken helburua lortu arte; hau da, Euskal Herri osoan erreferendum ofiziala eta loteslea egin ahal izan arte. Ez da erronka erraza izango, baina arduraz lan egingo dugu. Estatuak ez dizkigu gauzak erraz jarriko, baina jakin dezatela abian garela. Gero eta gehiago izango gara, giroan sumatzen delako parte hartzeko borondatea».
Ezohiko batzarra, bihar
Hurrengo pausoa, bihar bertan izango da: ezohiko batzar orokorra egingo dute, arratsaldeko 19:00etan, Biterin. Hiru gai landuko dituzte: Herri Galdeketaren balorazioa, diru kontuak, eta aurrera begira zer egin.
Herritar guztiak gonbidatu dituzte: «zenbat eta jende gehiago agertu, orduan eta aberatsagoa izango da».