Herritarrek erabakiko dute, datozen bi asteotan, nolakoa izango den atletismo pistaren ondoko parke estalia. Bi proposamen daude, haur parkea estali eta ingurunea moldatzeko: Zuhaitzen artean eta ...gailur guztien oinarrizko kanpamendu. Eta bi horietako bat bozkatuko dute herritarrek, gaurtik apirilaren 18ra, www.hernani.eus web orrian. Bi proiektuei buruzko panelak daude parkean bertan, Biterin eta webgunean.
2015erako aurrekontu partehartzaileetan aukeratu zen parke bat estaltzeko proposamena, eta gerora, udal teknikariek aztertu zuten zein izan zitekeen parke egokiena horretarako, eta atletismo pistaren ondokoa aukeratu zuten.
Ideia lehiaketa irekia, estalpea aukeratzeko
Edozein kasutan, Udalak erabaki zuen, herritarren esku uztea, nolakoak izango diren estalpea eta ingurua. Eta horretarako, ideia lehiaketa irekia, publikoa eta anonimoa jarri zuen martxan, «parkea bera eta hori inguratzen duen eremua aisialdirako probetxugarria izateko helburuarekin». Jasotako zortzi proposamenen artean, bi horiek lehenetsi zituen epaimahaiak, bi ordezkari politikok eta lau teknikarik osatuta.
Orain, herritarrei dagokie bietako bat aukeratzea. Zuhaitzen artean proiektuaren aurrekontua, 437.732,22 eurokoa da, eta ...gailur guztien oinarrizko kanpamendu proiektuarena, 219.995,68 eurokoa. 2015ean, 120.000 euro gorde ziren horretarako, baina 260.000 eurora igo zuen Udalak 2016an, proiektuaren idazketa eta bestelako gastuak kontutan hartuta.