Goizeko 11:00etan hasita, Gipuzkoako Bertsolarien Eskolarteko Txapelketako finala jokatuko da gaur, Azpeitiako Soreasu antzokian, eta bertan izango dira Hernaniko Bertso Eskolako Iker Ormazabal eta Andoni Mujika. Era berean, finala bukatuta, Bertso Eskolen Egunari emango diote jarraipena.
Zortzi bertsolari gazte, gaurko finalean
Otsailean hasi zen Eskolarteko Txapelketa. Gipuzkoan bost kanporaketa jokatu dira Legazpin, Lasarten, Oñatin, Altzon eta Orion, eta gaurko finalera pasa dira, Andoni Mujika eta Iker Ormazabal hernaniarrekin batera, Urko Arregi, Libe Goenaga, Oihana Arana, Jokin Irastorza, Ane Beloki eta Itziar Mendia.
Gaurko txapeldunak eta txapeldunordeak Euskal Herriko Eskolartekoan kantatzeko aukera izango dute, ekainaren 10ean, Saran. Azken saio horretarako sailkatuko diren gainontzeko bertsolariak zein diren aurreago jakingo da. Izan ere, Nafarroako finala ere gaur jokatuko da, baina Arabakoa, hilaren 13an; Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoakoa maiatzaren 20an; eta Bizkaiakoa ekainaren 3an.
Finala jokatuta, Bertso Eskolen Eguneko festa
Gaurko eguna Gipuzkoako Eskolarteko Finalarekin hasiko bada ere, zer ospatu gehiago izango da.
Behin txapelketa bukatuta, Azpeitiako plazan elkartu eta Bertso Eskolen Egunari emango diote segida.
Elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute bertaratutakoek, eta horrez gain, bazkalondorenerako hainbat jolas eta tailer antolatu dira: jolasen gunea, bertso musikatuena, eskulanena, jolas eta sormenerako antzerkiarena... Egunari bukaera emango dion azken ekitaldia, arratsaldeko 16:30ak aldera izango da, plazan bertan.