«Izugarria izan da bezeroen fideltasuna; oso sorginak gara, baina maite gaituzte»

Kronika - Erredakzioa 2017ko api. 1a, 02:00

Ia mende erdi bat egin dute Zinkoenea kioskoan, Ayerra-Leibartarrek. Eta atzo arratsaldean itxi zuten kioskoko lehiatila, azkeneko aldiz, Juli Ayerra eta Lourdes Leibar ama-alabek: «oso arraroa egingo zaigu, pen­tsatzea hurrengo egunean ez dugula etorri behar», zioten.
1968an ireki zuen kioskoa Juliren senarrak, eta berak era­man zuen, gaixotu zen arte. Pelukera lanetan zebilen Juli orduan: «baina senarra eta ama ohean neuzkala gaixo, pelukeria utzi eta kioskoa hartu nuen. Egunero hementxe nintzen, goizeko bostetan». 20 urte ze­ra­mazkien senarrak bertan, eta beste 30 egin ditu Julik.
Lourdes, berriz, txiki-txikitatik hasi zen egunkari eta aldizkari artean; eta helduagoa zela, goizean goiz hasi zen joaten, egunero egunero bostetan, atzo arte behin ere hutsik egin gabe: «horregatik mantendu ditugu goizean goizeko bezero fidelak», azaldu dute.

«Oso oso eskertuta gaude, izan ditugun bezero fidelekin»
Zentzu horretan, esker hitzak besterik ez dauzkate, kioskoko bezeroentzat: «izugarria izan da gure bezeroen fideltasuna; egunero egunero etorri dira. Eta oso oso eskertuta gaude», diote.
Bereziki nabarmendu dute, Zinkoeneako obraren ondoren ere, nola joaten ziren bezeroak propio kioskora erostera: «oztopoak oztopo, hona etortzen zi­ren eguneko prentsaren bila».

«Orain konturatzen gara, zenbat maite izan gaituzten; negarrez joan dira asko»
Baina bezeroak fidelak izan ba­dira, da kioskoan jaso duten tratua ez delako nolanahikoa izan: «oso sorginak gara, baina maite gaituzte!», diote barrez. Eta gaineratu dute: «orain konturatzen gara gehien, zenbat maite izan gaituzten. Egun hauetan, bezero asko negarrez joan dira kioskotik, pena haundia ematen dielako, guk kioskoa uzteak. Batzuek galdetzen digute, eta zer egingo dugu orain? Bes­te kioskorik egongo ez balitz bezala!», kontatu dute.
Baina poza eta harrotasuna ere ematen diete hitz horiek: «oso harro sentitzen gara, herritarrentzat erreferentzia puntu bat izateaz. Erakutsi digute, oso gustora egon direla gurekin», diote.
Beraiekin hitz egiten ge­nu­en bitartean ere, kioskora azaldutako bezero batek ez ditu ezkutatu bere sentimenduak: «beraiek utziko duten hutsunea ez du inork beteko. Bizipen asko dira, broma eta barre al­ga­ra asko; ezin da deskribatu».

«Enkarguak egiteko ere, larri ibiltzen ginen! Eta orain, San Joanetan parranda ere egin ahal izango dugu, hurrengo goizean kioskora etortzeko kezkarik gabe!»

«Edozertaz hitz egiten dugu bezeroekin, baina zer erosiko duten, ezer esan gabe dakigu!»
Onartzen dute Julik eta Lour­desek, «oso ditxaratxerak» direla biak, eta edozertaz hitz egiten zutela bezeroekin. Zer erosiko zu­ten, ordea, eskatu beharrik ere ez zeukaten: «ezer esan gabe dakigu, zer nahi duten!».
Mota guztietako solasaldiak izan dituzte bezeroekin: «eta goizetan esaten nien, hizketarako gogorik ez bazeukaten, irribarre egiteko!», azaldu du Lourdesek.
Ama-alabak kioskoan elkarrekin aritzea ere, «oso polita» izan dela diote biek, «asko la­gundu» diotela elkarri.

«Pena haundia ematen digu guri ere, asko emozionatu gara jendeak esandakoekin»
Jubilazioa hartuko dute biek orain, eta kioskoa utzi; baina onartu dute, pena ere ematen diela: «pena haundia ematen digu guri ere, bai noski; asko emozionatu gara, jendeak egun hauetan esan digunarekin».
Eta emozio hori, biderkatu egingo da bihar, Zinkoenea ta­bernan egingo dieten omenaldiarekin: «nola egingo dugun negar!», aurreratu dute.
Eguerdiko 12:30etan elkartuko dira bertan, omenaldi-despedida bat egiteko, bezero eta lagunak. Pintxo batzuk janez festa txiki bat egingo dute, Juli eta Lourdesi sentiarazteko, «hainbeste urtetan bezero eta lagun izan garenon gertutasuna eta beroa».
Gaurtik aurrera, beraz, itxita egongo da Zinkoenea kioskoa: «pena izango da itxita ikustea. Pentsatzen dugu, orain lehiaketara aterako duela Udalak; hortaz, itxita egongo da denbora batez. Baina espero dugu norbaitek hartzea, eta bezeroak orain arte bezala mantentzea».
Beraiek, aldiz, orain arte egiterik ez zeukaten hamaika gauza, egin ahal izango dituzte aurrerantzean: «enkarguak egi­teko ere, larri ibiltzen ginen! Eta orain, San Joanetan parran­da ere egin ahal izango dugu, hurrengo goizean kioskora etor­tzeko kezkarik gabe!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!