«Euskera zaintzeaz aparte, aukera daukagu guraso eta seme-alaben arteko harremanak sendotzeko»

Kronika - Erredakzioa 2017ko api. 1a, 02:00

Lehenago ere  izan dira euskeraz ondo pasatzeko aukera ematea helburu zuten egitasmoak; Parketarrak, adibidez, Urtxintxak bideratzen zuena.
Aurtengo ikasturtean, or­dea, egitasmo berri bat jarri du­te martxan Astigarragako Udalak, AEK euskaltegiak, He­rri Eskolak eta Xaguxar Aisialdi taldeak: Gurasolagun egitasmoa eta Gurasolagun tailerra.
Amaiur Altamira, Xaguxa­rre­ko begiralearen esanetan, «Parketarrak egitasmoak ez zuen helburua betetzen, askotan gurasoek seme-alabak bi­dal­tzen zituztelako parkera, bai­na beraiek parte hartu ga­be». Horrexegatik, Guraso­la­gun egitasmoan parte hartzen du­tenek espazio itxi bateko goxotasunaz gozatu dezakete. «Taldea egin da, eta animatzen dira parte hartzera. Baina jen­de gehiagok parte hartzea gus–ta­tuko litzaiguke». Zabalik dago aukera.

Harremanak sendotzeko aukera, euskaldun berri eta
zaharrentzat

Gurasolagun egitasmoan parte hartzea erraza da: asteartero eta ostegunero, Herri Eskolako areto nagusia irekitzen da 16:30etatik 18:00etarako tartean, eta nahikoa da bertara azaltzearekin. Hori bai, gurasoek eta seme-alabek, elkarrekin hartu behar dute parte.
Horrez gain, hilean behin, Gurasolagun Tailerra egiten da. Kasu honetan, zehazten den eguna baino astebete lehenago izena emateko epea irekitzen da, egun horretan tailer jakin bat egiten baita.
Bi egitasmoetan hartzen du parte, esaterako, Itxasne Mar­ti­nezek, eta euskeraz aritzeko aukeraz gain, beste batzuk ere baloratzen ditu: «Aukera iku­si nuen nere errealitatetik haratago, hiru alabekin batera, familia erdaldunekin harremanetan jartzeko. Eta era berean, zerbait berria eskain­tzen duela ikusi nuen: euskera zaintzeaz aparte, aukera daukagu guraso eta seme-alaben arteko harremanak sendotzeko. Zenbat aldiz eskatu ote dugu haurrekin egoteko moduko leku goxo bat eskura izatea! Eskertzekoa da. Nahi duzuna egin dezakezu: siesta, meriendatu, jolastu... Librea da. Bal­din­tza bakarra da, guraso eta se­me-alabak euskeraz aritzea».
Bestalde, hilean behin egiten den Gurasolagun Taile­rre­an ere, ederki pasatzen dutela azpimarratzen du. «Hilero tailer desberdina egiten da, eta polita da: sukaldaritza, Inau­te­rie­kin lotutako tailerra, herri kirolak, urtaroei lotutako kantuak...».

Ohiturak aldatzea zaila izan arren, ohitura berriak
sortzeko aukera bada

Oraingoz guraso eta ume gutxi elkartzen omen dira, eta Amaiur Altamirak deialdia zabaltzen du, jende gehiago animatu dadin. Hala ere, «helburua bete» dela dio: «guraso eta seme-alabek hartzen dute parte, euskeraz, eta ondo pa­satzen dute. Ez gara iritsi nahi adina jenderengana, baina hasteko, ez dago gaizki».
Martinezek, berriz, lorpen txiki-haundi bat azpimarra­tzen du, bere ustez, oso positiboa dena. «Oraingoz ez da sortu hemendik kanpoko lagunartea. Baina hemen elkartzen garenon arteko interakzioak, hemendik kanpo ere, euskerazkoak dira. Bada urrats bat!».

«Hemen elkartzen garenon arteko interakzioak, hemendik kanpo ere, euskerazkoak dira. Bada urrats bat»


Iker Goñi ere Gurasolagun gu­nera eta Gurasolagun Tai­le­rrera gerturatzen den gurasoetako bat da, eta AEKn irakaslea. Ohitura batzuk aldatzea zaila izan arren, ohitura be­rriak sortzeko aukera ikusten du egitasmo honetan. «Euskal­dun berriei aukera ematen zaie harremanak euskeraz izateko. Harreman komunikatiboak erderaz direnean, zaila da hori aldatzea. Baina harreman berria, hasieratik euskeraz egitea, aukera paregabea da praktikatzeko. Eta umeek ere euskeraz egiteko aukera daukate. Hemen gunea sortu da euskera hutsean aritzeko, eta eskolako patioan ezin da».
Ohiturak aldatzea zein zaila izaten den modu xelebrean ere bizi izan dutela gogoratu du Amaiur Altamira begiraleak. «Tailerretara gerturatutako familia euskaldun berri batean, nabaria zen etxean erderaz egiten zutela. Izan ere, ama saiatzen zen umearekin euskeraz egiten, baina umeari arraroa egiten zitzaion txipa alda­tzea, eta erderaz erantzuten zion amari! Halako batean ikusi zuen eskolaz kanpo ere badagoela euskera».

Gurasoen txikitako jolasak, hurrengo Tailerrean
Azken batean, parte hartzen duten guztiek azpimarratzen dutena da, euskeraz ondo pa­sa­tzeko aukera daukatela, bai haurrek, eta baita gurasoek ere. «Jolasen bidez, modu ludikoan euskaldun berriei lagundu diezaiekegu, haurrekin jolastuz, beste familia batzuekin elkartuz... Eta haur eta gurasoentzako aisialdirako gure natural bat sortuz», dio Martinezek.
Horregatik, hurrengo Gura­so­­lagun Tailerrean parte har
tzeko deia luzatzen dute. Aste Santuaren ondoren izango da, eta oraingoan, gurasoei tokatuko zaie dinamizatzaile lanak egitea, txikitako jolasak erakutsi beharko baitituzte.
Eta bitartean, nahi duenak aukera dauka astearte eta ostegunetan, Gurasolagun gu­ne­ra gerturatzeko.

GURASOLAGUN EGITASMOA
Asteartero eta ostegunero egiten da eskolako areto nagusian, 16:30etatik 18:00etara. Parte hartzeko ez dago izena eman beharrik; nahikoa da bertara azaltzearekin.
Arau bakarra da gurasoak eta seme-alabak elkarrekin gerturatzea, eta euskeraz egitea.
Bertan, denetarik dago, ondo pasatzeko: mahai jolasak, eskulanak, liburuak... Eta besterik gabe, nahi duenak berriketan pasa dezake tarte hori; beti ere, euskeraz.
GURASOLAGUN TAILERRA
Hilean behin egiten da, 16:45etatik 17:45etara, eskolako areto nagusian, eta parte hartu baino astebete lehenago izena eman behar da.
Izena eskolan bertan edo AEKn eman behar da.
Hilero tailer berezi bat egiten da: jolasak, eskulanak, sukaldaritza...
Hurrengo saioa maiatzaren 2an egingo da: oraingoan gurasoak izango dira dinamizatzaileak, txikitako jolasei buruz ari beharko baitute. Izenematea apirilaren 24ko astean egin behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!