Hernani, Astigarraga, Urnieta eta Usurbilgo 21 sagardotegitan izan da aukera parte hartzeko, bi hilabetez, Dobera Euskara Elkarteak eta Iraulio Panttalone Bertso-Kabiyak antolatu duten Bota Bertsoa! bertso paper lehiaketan.
Aurtengoa, lehiaketaren hirugarren edizioa izan da, eta guztira, 170 bertsotik gora jaso dira. Sariak, berriz, parte hartu duten sagardotegi adina eta pare bat gehiago izan dira. Atzo banatu zituzten, Biterin egindako ekitaldian.
Nolako bertsoa, halako izendapena
Iraulio Panttalone Bertso Kabiyako kideek egin dituzte epaile lanak, eta bertsoak bezain xelebreak diren izendapenak erabili dituzte, sariak banatzeko: Errimarik Estuenarena, Iñigo Etxarte lezoarrak irabazi du; -tzen errimarekin egindako bertso onenarena, Oier azpeitiarrak; Doinurik Orijinalenarena, Oxan hernaniarrak; Parte-Hartzaileenarena, Mendaroko Iratik; Marrazkilari Onenarenarena, Gorka Imaz hernaniarrak; edota Mikel Urdangarinen Bertsio Onenarena egindakoarena, Itsasne oiartzuarrak. Bera izan da, hain zuzen, Hego Haiziak kulero gabe utzi, baina sariaren jabe egin duenetako bat!
Bertso guztiak interneten ikusi daitezke, beheko loturan.
Sare sozialetan, botoa
Publikoaren saria ere izango da; Doberak facebook eta twitterren jarritako bertsoen artean, boto gehien jasotzen duenarentzat.
PARTE HARTU DUTEN SAGARDOTEGIAK
Hernanikoak: Akarregi, Alberro, Altzueta, Goiko Lastola, Iparragirre, Itxas-Buru, Larre Gain, Otsua-Enea, Rufino eta Zelaia.
Astigarragakoak: Alorrenea, Gurutzeta, Ipintza, Lizeaga, Oialume Zar, Oiarbide, Rezola, Roxario.
Urnietakoak: Elutxeta eta Eula.
Usurbilgoa: Aialde Berri.