Ezohiko bi ziten ondoren, urteko aurreneko ohiko Plenoa izan zuten Udaleko ordezkariek asteazkenean. EAJ eta EH Bildu udal taldeko zinegotzi guztien presentzia izan zen; PSE-EEko ordezkariak, Mikel Duranek, ordea, huts egin zuen oraingoan.
Puntu bat gehiago, gai-ordenak
Hasi baino lehen, EH Bilduko Andoni Gartziak proposatuta, mozio bat gehitzeko bozketa egin zuten, baita 13garren puntuaren inguruko aldaketa bat gehitzea ere. Biak onartuta, aurrerago landu ziren. Arazorik gabe onartu zuten bertaratutakoek, baita ere, otsailaren 22ko plenoaren akta.
Gai gehienak, eztabaidarik gabe
Horren ondoren onartu ziren, aho batez baita ere, Alkatearen hainbat eskumen udal osoko bilkurari eskuordetzea; ordezkari politikoek egin beharreko agiriak onartzea; eta 2017-2019ko diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartzea.
Agirien kontuarekin batera, Andoni Gartzia EH Bilduko bozeramaileak galdetu zion Udal gobernuari ea noiz publikatuko diren ordezkarien dietak, soldatak eta datuak webgunean. Zorione Etxezarragak erantzun zion: «Batzordetik pasa gabe, idazkaritzak dauka hori eguneratzeko ardura».
Era berean, Plenoaren 12 botoekin onartu ziren: Ubarbururen Zabalpenerako Plan Orokorra; kiroldegiko obren likidazioa; txakur-tokien araudia eta isunak; harrera-etxeen ordenantzaren aldaketa eta programara hainbat etxebizitza gehitzea; Beterri-Buruntzako hitzarmena; eta Martindegi auzo elkarteari mahaiak eta aulkiak doan ematea.
Bozketa bat, atzeratuta
Gai eztabaidatsuena izan zen, ordea, Zarkumendegiko zabalpenaren ingurukoa. EH Bilduk abstentziora joko zuela adierazi zuen: «hainbat alegazio sartu genizkion Plan Orokorrari. Besteak beste, landa eremuari dagokionez, desastre hutsa delako; etxebizitza batzuk bideratzeko helburuarekin eta landu gabe».
Horrez gain, oposizioak salatu zuen, parte-hartzeari dagokionez, sagardotegietako jabeekin deialdi bat egin zela gertatzen zena azaltzeko, baina bertan badaudela beste jabe batzuk eta ez dutela informaziorik jaso Udalaren izenean.
Baina, batez ere, arrazoi batek eraman zuen EH Bildu abstentziora: Gruas Zapirain dagoen lekuan aisialdi gunea egitea kontuan hartu ez izana. Horren harira, Gartziak esan zuen: «alegazioa onartzen badu Udal gobernuak, aldeko botoa emango dugu».
Hori entzunda, Zorione Etxezarraga alkateak iragarri zuen: «4. alegazioa, orduan, Hirigintza batzordera eramango dugu; beraz, ez dugu bozkatuko».
Gerakinaren harira ere, gorabeherak
Bigarren bueltan, eta Alkatearen kalitatezko botoarekin onartu zuten, aldiz, altxortegiko gerakinari buruz kontu-hartzailearen proposamena, EAJren aldeko botoekin, eta EH Bilduren kontrakoekin.
EH Bilduren ustez, «honek ekarriko du gerakina erabat paralizatzea eta planteatzen diren ekimenak, besteak beste Haur Eskolarena, atzeratu behar izatea 2018ra. Ez zaie bidea itxi behar proiektuei».
Baina horren aurrean, kontuhartzaileak hartu zuen hitza: «ez dizkie ateak ixten proiektuei, esaten dena da ezagutu egin behar dela proiektuek zein kostu dituzten martxan jarri aurretik».
Hiru mozio eta galderak, bukatzeko
Hiru mozio onartu ziren, baita ere. Aurrenekoa, EAJk eta EH Bilduk aurkeztu zuten, etxegabetzeak ekiditeko, eta beraz, aho batez onartu zuten. Gauza bera bigarrenarekin: Guernica Gernikara izenburupean, EH Bilduk Euskal Herriko herrietan aurkeztutako mozioa da, eta EAJk «bere horretan onartzeko asmoa» azaldu zuen.
Azkenekoa, Alkate kurduekin elkartasuna eskatzen zuena, aldiz, EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zuten. «Ez gara eztabaidan sartuko, baina ez dugu eragozpenik jarriko onartua izateko», argitu zuen Etxezarragak.
Galderetan, Herri Eskolaren espazio faltaren konponbide beharrak piztu zuen sua, batez ere. Dena den, Hezkuntza batzordera bideratu zuen gaia Alkateak, eta azaldu zuen bertan emango dela egoeraren berri.
Plan Estrategikoa onartuta, aurrenekoz
Lurraldea, antolaketa eta herritartasun arlotan emango dituzte diru-laguntzak.
Asteazken honetako Plenoak onartuta, diru-laguntzen Plan Estrategikoa izango du Astigarragako Udalak aurreneko aldiz. 2017-2019 aldirako onartu da, egungo legealdiaren bukaerara arte.
Helburua, zehaztuta
Udal gobernuak jakinarazi duenez, onartu berri duten Plan Estrategikoak helburu zehatza dauka: «plan honen helburu nagusia da objetibitatea, gardentasuna, publizitatea, lehiakortasuna eta fondo publikoen banaketan berdintasuna bermatzea, emakida zuzenaren kalteetan izan gabe», argitu dute.
Laguntzak, hainbat arlotan
Plan Estrategiko berriaren bitartez, hainbat arlotan emango ditu diru-laguntzak Udalak: antolaketan (ekonomia, ogasuna, enplegua...); lurraldean (etxebizitza, ingurumena...); eta herritartasunean (berdintasuna, euskera, gazteria, kirola...). Horiek deialdi publiko bidea edo emakida bidez emango dituzte, elkarteei edo erakunde pribatuei «herri onurako edo gizartearen intereseko jarduerak egiteko».
Horretarako, «programen eraginkortasuna aztertuko da, diru-laguntzak jasotzen dituztenei emaitzen txosten bat eskatuz». Bertan, «planaren betetze-maila, efizientzia eta ondorioak jaso beharko dira», zehaztu dute Udaletik.