Beste asteburu borobila izan zuten Astigarragako txirrindulariek: Elgoibarko Saria jokatu zuen Urko Semperena juniorrak; alebin eta infantilak, aldiz, Aizarnazabalen izan ziren larunbatean; eta kadeteak Atarrabian, igandean.
Ederki Semperena, Elgoibarren
92 kilometroko ibilbidearekin osatu zuen Elgoibarko 37garren Saria Urko Semperenak aurreko asteburuan, eta ederki bete zuen, gainera: Aketza Aranari aurrea hartuta eta esprint bizian, lortu zuen podiumera igotzea Semperenak.
Hasieratik aurrean izan zen Urko Semperena zazpiko talde batekin, eta hala eutsi zion goraino. Baina tontorrera iristean, Unai Iribarrek hartu zuen abantaila, eta jaitsieran ere mantendu zuen; beste kidek pixkanaka bananduarazita.
Jaitsiera bukatuta, helmugarako 9 kilometro falta zirenean, podiumera iritsiko zirenen arteko pertsekuzioari ekin zioten. Unai Iribarrek aurretik lortutako abantailari eman zion jarraipena, eta atzetik, esprinean bukatu zuten Semperenak berak eta Aketza Aranak.
Zortzigarren, Romero
Atarrabiako 27garren Beola Motor Saria jokatu zuten igandean, kadete mailako Jaime Romero eta Telmo Semperena astigartarrek. Bi talde desberdinetan lehiatu ziren: Romero, aurreneko urteko txirrindulariekin; eta Semperena, bigarren urtekoekin. Zortzigarren sartzea lortu zuen Romerok; Semperena, aldiz, erdiko postuetan sartu zen, baina aurrenekoengatik borrokatzeko aukerarik gabe.
Gazteenak, Aizarnazabalen
Aizarnazabalen korritu zuten, azkenik, txirrindulari gazteenek. Bertan, Astigarragako Herri Eskolako Aimar Olasagastik lortu zuen helmugara iristea, bederatzigarren egin zuen, hain zuzen.
Asteburuan, Donostian
Asteburu honetan, Donostian izango dira denak: Loiolako Erriberan daukate zita alebin eta infantilek. Belodromoan, aldiz, kadete eta juniorrek, Espainiako Txapelketan.