Ostegunean abiatu zen Korrika Otxandiotik, eta 20garren edizio honetan Goizuetatik pasako ez bada ere, herrian ere izanen du bere oihartzuna.
Batetik, Korrika Ttikia eginen dutelako Goizuetan gaur zortzi, datorren larunbatean. Goizeko 11:00etan hasiko da, herriko plazan. Eta lekukoa eraman nahi dutenek, aurretik daukate izena eman beharra, 5 euroren truke, Korrika Ttikia abiatu baino ordu erdi lehenago: plazan bertan, 10:30etatik 11:00etara bitarte. Gainerakoek, berriz, borondatea ere eman dezakete.
Autobusa, Korrikaren bukaerara
Eta bestetik, autobusa jarriko dute Goizuetatik, Korrikaren bukaerara joateko. Datorren igandean, apirilaren 9an, bukatuko da Korrika Iruñan, 12:30etan iritsita hiriburura, eta Korrikaren amaiera festa eginen dute gero. Goizeko 09:00etan aterako da autobusa plazatik, eta 19:00etan bueltatu.
Joan nahi duenak, ostegunera arte dauka izena emateko aukera, Amaia kafetegian, 5 euroren truke. Autobusa ateratzeko, hori bai, gutxienez 10 lagunek eman beharko dute izena.