Hernani, Astigarraga, Urnieta eta Usurbilgo 23 sagardotegietan izan da aukera, aurten ere, Bota Bertsoa! bertso paper-lehiaketan parte hartzeko, eta iritsi da sariak banatzeko momentua; gaur egingo da banaketa ekitaldia, 19:00etan hasita, Biterin.
Bertan, saria jaso duten bertsoak entzuteko aukera izango da, eta nahi duenak bertsoren bat botatzeko parada ere izango du, mikro irekian.
170 bertso inguru
Aurtengo lehiaketako gaia izan da, Hau Hegohaizia!, eta mota guztietako bertsoak jaso dira; guztira, 170 inguru.
Bertsoak xelebre xamarrak izanik, halakoak izan dira sariak emateko irizpideak ere: parte-hartzaileenari, lotsagabeenari, toki gutxian errima gehien egin dituenari... Gaurko saioa, beraz, umoretsua eta dibertigarria izango dela ziurtatuta dago.