Astigarragako Udalak ezagutzera eman nahi du crossfit kirol modalitatea. Herri kirolekin antzekotasun batzuk ditu, eta gainera, modan dagoen kirol ekintza da.
Horretarako, crossfit saioa egingo da Astigarragan apirilaren 8an, larunbatez. Kirol ekitaldia Txomiñene frontoian izango da, udaletxeko plazan, goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara.
Ubarburu poligonoan dagoen Indar Crossfit gimnasio astigartarrak antolatuko du ekitaldia. Ikuskizuna doan izango da, eta kirol ekintza berri hau ezagutu nahi duten astigartar guztiak gonbidatuta daude eta bertaratu daitezke.
Crossfit herrialde ezberdinetan modan jartzen ari den kirol ekintza da eta, hain zuzen ere, herri kirolekin dauzkan antzekotasunengatik ezagutzen da mundu osoan zehar.
Herri kirolekin alderatzen dute Estatu Batuetan
Horren inguruan, Estatu Batuetan duela gutxi aurkeztu zuten Euskal Herrian grabatutako herri kirolak eta crossfita alderatzen dituen dokumental bat. Puri purian dagoela aprobetxatuz, Astigarragako Udalak kirol ekintza hau babestu zuen, martxoaren 7an egindako kirol batzordean esan bezala: «horrela, Astigarragako udal gobernuak kirol eta jarduera fisikoarekiko duen konpromezua adierazten du berriz».