Astearteko Plenoa azkarra eta arina izan zen, proposatutako gai guztiak aho batez onartu baitzituzten EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE eta Orain Hernaniko zinegotziek.
Hainbat berri emate
Hasteko, hiru akta onartu zituzten aho batez. Segidan, dekretu baten berri eman zen. Eta ondoren, Koro Etxeberria zinegotziak eman zuen kontu hartzaileak egindako ohar baten berri. Ez zen zalantzarik sortu.
Elkarlanerako hitzamenak, tokiko garapenean, eta administrazio eta erakundeen artean
Laugarren puntuan, Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen nola orain hilabete batzuk onartu zen kooperazio hitzarmena Beterri-Buruntzaldeko sei Udalen artean, tokiko garapenaren sustapen ekonomikoaren eta enpleguaren alorrean. Horri lotuta, aho batez onartu zen horren ordezkagarritasuna Andoaingo Udalaren esku uztea.
Era berean, aho batez onartu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena, «arlo politiko eta teknikoan elkarlanean aritzeko, saretzeko», Intxauspek azaldutakoaren arabera.
Trafikoko Zuzendaritza Nagusira joan beharrik gabe, hainbat tramite administratibo egiteko aukera izango da aurrerantzean, udaletxean.
Hurrengo puntua ere aho batez onartu zen: Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarkin hitzarmena, ibilgailuen inguruko datu aldaketa sinpleak egiteko, herritarrek Udaleko HHZ zerbitzua erabali ahal izan dezaten. PSE-EEtik, Ricardo Crespok zoriondu egin zuen Udala hitzarmen hau lortzeagatik, eta gogorarazi zuen lehenago ere egin direla horrelakoak Eusko Jaurlaritza edota Foru Aldundiare-kin, eta aurrerantzean ere, gehiago lortzea espero duela. Intxauspek azpimarratu zuen «helburua herritarrei erraztasunak ematea» dela.
Azken puntuan, berriz, aho batez onartu zen Hernani izatea, Fini Rubiok Hernani, Errenteria, Pasaia eta Andoaini utzitako herentziaren kudeatzaile.
FINI RUBIO
Feministen erreferente, Rubio
Hernaniko eta Errenteria, Pasaia eta Andoaingo Udalei utzitako herentzia medio, Fini Rubioren ibilbidearen berri eman zuten Plenoan, Garazi Etxarri eta Xabier Lertxundi zinegotziek.
Valladoliden jaioa, Zientzia Politikoak eta Ekonomia ikasi zituen Madrilen, eta ondoren, erbrestera joan behar izan zuen. Parisen eta Mexikon bizi ondoren Donostian kokatu zen, eta mugimendu feministen inguruan ikasitakoa Euskal Herrira ekarri zuen; berea da zapalkuntza hirukoitzaren teoria.
Gaixotzean, Hernanik adinekoentzako zeuzkan zerbitzuen inguruko informazioa eskatu zuen, eta hiltzean, testamentuan utzi zuen herentzia, Hernanik programaren bat garatu zezan, baliabide ekonomiko gutxiko adinekoek bakardadea sentitu ez dezaten.
Hori kudeatzeko lanetan hasia da Udala.