Beinat Aginagalde eta Joanes Larretxea preso hernaniarren epaiketa hasi zen atzo, Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 59 urteko espetxe zigorra eskatu du bakoitzarentzat, 2008ko abenduan Altuna y Uria enpresako buru zen Inaxio Uria hiltzea egotzita. Era berean, leporatzen diete «erakunde terroristako kide izatea, legez kanpoko atxiloketa, kotxe bat lapurtu izana eta kalte terroristak eta hilketa delituak». Bi auzipetuek uko egin zioten deklaratzeari. Bestalde, lekuko gisa deklaratu zuten Iraitz Santa Kruz, Josune Balda, Manex Castro eta Ibai Beobidek, eta denek «torturak jasan» izana azpimarratu zuten, eta «deklaratu beharrekoa poliziek esan» zietela.