Bigarren Plenoa izango du gaur Zorione Etxezarragak alkate bezala, oraingo honetan, ohiko deialdian. Eguerdiko 13:30etan izango da, udaletxeko areto nagusian, eta gai ordenaren arabera, hamasei puntu landuko dituzte, galdera eta erreguetakoak kontuan hartu gabe.
Alkate eta zinegotzien ingurukoak, aurreneko biak
Aurreko aktaren onarpenaren ondoren, udal ordezkarien inguruko bi gai landuko dituzte: aurrenekoaren arabera, Alkateak hainbat eskumen emango dizkio Plenoari; eta bigarrenarekin onartuko dira ordezkari politikoek egin beharreko aitorpenen eredu berriak eta aurkeztu beharreko agiriak.
Ondoren, 2017-2019ko Diru Laguntzen Plan estrategikoari eta Zarkumendegiko zabalpenari egingo zaio onarpena, baita kiroldegiko bigarren fasearen likidazioari ere.
Txakur-tokien arauak eta harrera-etxeak, hizpide
Herriko txakur tokien arauak eta horiek ez betetzeagatik ordaindu beharreko isunak ere onartuko dituzte, baita harrera-etxeen programari bi etxebizitza gehitu ere.
Martindegiko auzo elkartearentzat mahaiak eta aulkiak debalde banatzea ere bozkatuko du Plenoak gaurkoan.
Hiru mozio, bukatzeko
Bukatzeko, hiru mozio landuko dituzte. EAJ eta EH Bilduk elkarlanean aurkeztutako bat, etxegabetzeak ekiditeko. Eta EH Bilduren beste bi: Guernica Gernikara eta elkartasuna alkate kurduekin.