HERNANIKO Txistulari Gazteen Txapelketan emaitza onak lortu zituzten atzo Milagrosan. 12 urte bitarteko mailan Xubane Rodriguezek bigarren postua lortu zuen. 13-16 bitartekoan berriz bigarren postua beste hernaniar batentzako izan zen, kasu honetan, Ane Telletxeak. Gustora egoteko emaitzak dira Anek eta Xubanek lortutakoak.
Eta eguna amaitzeko taldekako txapelketan Txilibitak hirugarren saria eskuratu zuen, Manex Olazagirre, Enara Arruti ereñotzuarra, Manex Zabaleta eta Julen Berazarekin. Sari nagusien irabazleak ondorengo txistulariak izan ziren: 12 urte bitartekoa kategorian Telmo Perez Nievas García de Eulatek lortu zituen 150 euroko lehen saria, oroigarria eta txapela. 13-16 bitarteko kategorian Gorka Paganobarraga Agorriak eraman zituen 200 euro, oroigarria eta txapela. Eta taldekako mailan Iruñea Taldeak eskuratu zituen 300 euro, oroigarria eta txapela.
Gaur, topaketaren txanda
Txapelketari erreleboa topaketak hartuko dio. Euskal Herriko txistulari andana elkartu eta, egun guztian barrena, herriko kale eta plazatan arituko dira kaleak girotzen. Elorrio, Pasaia, Tafalla, Iruñea, Baiona, Urnieta, Tutera, Lasarte, Bilbo, Lizarra, Leitza,… eta Hernaniko txistulariak izango dira bertan.