Txotx denboraldia dela-eta, alkoholaren kontsumoari buruzko bere iritzia plazaratu du talde honek prentsa ohar batean.
ASKAGINTZAK idatzi bat helarazi dio Kronikari txotx denboraldian alkohola dela-eta sortzen diren arazoei buruzko bere iritzia emateko, Txotx denboraldia, Hernanirentzat desafioa lemapean.
Lehenik eta behin duela urte bete zabaldu zuen idatziaren inguruan hitz egiten du Askagintzak (Sagardoa droga bat da, eta Hernani...). Talde honek dio bere asmoa eztabaida sortzea zen arren, badakiela jende asko ´kritiko` eta ´minduta` sentitu zela idatzi horren aurrean. Hala ere lehengoari eutsiz, Askagintzak azaldu du jakin badakitela ´alkohola droga bat dela onartu behar izatea, asko eta askorentzat, ez dela erraza suertatzen`, baina gaineratzen du ´guk askotan esaten dugu drogak bere horretan ez direla arazo, drogei baino arreta gehiago, hauek kontsumitzen diren testuinguruari jarri beharko genioke`.
Asteburuetako arazoak
aldaketarik gabe
Askagintzaren ustez edari alkoholikoen kontsumoaren ondorioz ´beste droga batzuekin nahastuta`, Hernanin asteburuero gertatzen diren ´errealitate` askok bere horretan jarraitzen dute. Era berean, drogomenpekotasunaren prebentziorako talde honek dio gehiegizko eta neurriz kanpoko kontsumoek osasunean eta herriko elkarbizitzan ´oraindik eragina sortzen` dutela eta horiek biak zirela iaz beren kezka nagusia: ´oraindik ere kezka iturri izaten jarraitzen dute`, dio oharrak.
Mugimendu txiki batzuk
Hala ere, Askagintzak ´zorionez` mugimendu txiki baina garrantzitsu batzuk ikusi ditu azken aldian. Prentsa oharrean azaltzen dute alkohola hartzeko moduen inguruan ´iritzi bateratu bat` lortzen ari direla: ´Hasiera batean iritzi berekoak ez ginen Hernaniko ostalari, dendari, udal langile, bizilagun... ezberdinak elkartu eta luze eztabaidatu eta bat etortzea lortu dugu`, dio Askagintzak.
Bukatzeko, Askagintzak dio txotx denboraldia antolatzeko egindako bileren ´fruituak` antzematen hasi direla eta oraindik bide luzea dagoen arren aurrera eginda ´horrek izan dezala bere ispilua txotx garaian ere`. Azkenerako galdera bat egiten du Askagintzak: ´Denbora eta perseberantzia beharrezkoak izango ditugu. Ereindakoa bilduko al du Hernanik?`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!