DATORREN igandean izango da, Landareko errugbi zelaietan, 43garren Adarraga Memoriala eta XIXgarren Hernaniko Krosa. Tradizio haundiko lasterketa da urtero egiten den hau eta igandean 400 atletatik gora bilduko dira, alebin, infantil eta kadete mailan. Adarraga Memoriala Eskola Arteko Gipuzkoako Txapelketaren barruan sartzen denez, Gipuzkoa osotik etorritako gaztetxoek hartuko dute parte bertan.
Goizeko 10:00etan hasita
Krosaren ibilbidea bi errugbi zelaien inguruan joango da eta lehenengo lasterketa goizeko 10:00etan hasiko da, alebin neskek 1.882 metro egin beharko dituzte. Hogei minutu beranduago hasiko dira alebin mutilak korrika, 2.350 metro korritzeko. Guztira 300 bat neska-mutiko arituko dira alebin mailan. Infantil neskek 2.350 metro korrituko dituzte baita ere eta mutilek berriz 3.402, lau buelta egin beharko dizkiote ibilbideari. Azkenekoa kadeteen lasterketa izango da 11:40etan, lehenik neskek (3.040 metro) eta gero mutilek (4.162 metro).
Maila denetan lehenengo hiru postuetan geratzen diren guztiek sariak izango dituzte, Diputazioak emanda. Horretaz gain, sari berezi bat izango da, marka hoberena egiten duen eskolari.
Katea ez haustea, Memorialaren helburua
Adarraga Memorialaren antolatzaileek azaldu dutenez, duela lauzpabost urte hasi ziren soilik eskola mailako lasterketak egiten: ´Hernanin atletismoak beti izan du tradizio haundia eta Adarraga Memorialak urte mordoa egin ditu. Helburua da gaur egungo gaztetxoek atletismoarekin erlazio hori ez dezatela galdu eta katea ez dadila hautsi`, diote C.D Hernaniko arduradunek.
Giro ona Lasarten baina marka aipagarririk ez
JOAN den igandean izan zen Donostiako Nazioarteko Krosa Zubietako hipodromoan. Bertan garaile atera ziren Eritreako Zersenay Tadesse eta Marta Dominguez palentziarra. Horretaz gain Euskadiko Txapelketako Kros Motza ere izan zen igandean Zubietan eta bertan hainbat hernaniarrek hartu zuten parte. Sergio Roman izan zen denbora hoberena egin zuen hernaniarra, 3.700 metro 12’35 minututan egin zituen. Honen atzetik iritsi ziren Jose Mari Santana (13’32), Agustin Garin (14’08) eta Gerardo Parra (15’24). Eva Esnaolak 15’40 minutu behar izan zituen 3.700 metroak egiteko eta Idoia Esnaolak 17’26.