HERNANIKO Udalak atzo jakinarazi zuen aurtengo inauterietako kartel lehiaketaren irabazlea zein izan den: Imanol Etxeberria Martiarena.
Inauterietako alaitasuna adierazi
Hernaniko Kronikak irabazlearekin hitz egin du, bere lanaren berri jakiteko. Imanol Etxeberria hernaniarra da eta diseinatzaile lanetan aritzen da. Berak azaldu duenez kartel honekin, batez ere, inauterietan izaten den alaitasuna adierazi nahi izan du. Izan ere kartel koloretsua da aurtengoa, eta festa giroan murgildutako Hernaniko kale bat ikus daiteke bertan.
Kartela paperean egin du autoreak, eta azaldu duenez gero eskaneatu eta kolorea eman dio ordenadore bidez. Etxeberria pozik dago, bere lana herriko txoko guztietan izango baita hemendik gutxira, 2006ko inauteriak iragartzen. Irabazleak 300 euroko saria jasoko du antolatzaileen eskutik.
18 parte hartzaile guztira
Hernaniko Udaletik adierazi dutenez 18 pertsonak parte hartu du aurtengo kartel lehiaketan, beste urtetan baino gehiago.
Inauteriak hemendik hiru bat aste barru hasiko dira, otsailaren 23an, ostegun gizenarekin, eta otsailaren 29ra arte iraungo dute. Hala ere, inauteriak hasi bitartean izango da zer ikusi eta zertan parte hartu, jai horiekin oso lotuta dauden kaldereroak esaterako. Datorren larunbatean aterako da kalderero konpartsa, gaueko 21:00etan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!