«Pena zen Hernanin arrauna galtzea eta ea buelta ematen diogun»

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 29a, 02:00

Arraunlariek ilusio haundiarekin heldu diote erronka berriari. Hasiera gogorra egiten ari zaiela aitortu arren, lehen traineruan ibiliaren har hori sentitzen dute barruan.

Gaztetasuna eta esperientzia dira arraunlari talde berriaren ezaugarri nagusiak. Bederatzi arraunlari eta patroia dira eta bi ez beste guztiak lehen ere arraunean ibiliak dira. Batzuk Hernanin, besteak Ur Kirolak-en, eta bat Trintxerpen. Joseba Etxabe da Hernaniko trainerua barrutik ezagutu duenetako bat. Bere esanetan, «pena zen Hernanin arrauna galtzea», eta egoerari buelta emateko ilusioak bultzatu du arraunari heltzera. Itxaropen bera dauka Iñaki Fraile gazteak ere. Bera ere traineruan zen 2002an, Hernanik arraunari agur esan zionean. Badira herriko bi arraunlari hasiberri ere. Arrauna ezagutu eta, bide batez, kirola egiteko asmoz bildu dira biak: Ekaitz Ruiz eta Imanol Etxabe. Biek ere gogo haundiz eta gustora heldu diote proiektu berriari. Iban Biaga donostiarra da, baina, lehen ere Hernaniko traineruan ibilia. Bere hitzetan, arraunean ibili denak beti izaten du barruan har hori, eta berriro hasteak poz haundia eman dio berari ere. «Egia da gogorra dela eta gauza batzuk sakrifikatu egin behar direla, baina, merezi du». Biagak ere azpimarratu du «herri batek trainerua ateratzea gauza haundia dela eta Hernaniren kasuan, bertan itsasorik gabe oraindik eta haundiagoa» Dabid Sainz loiolarra, Lander Olano lasartearra eta Egiako Patxi Marin Urki Kirolaken ibilita etorri dira Hernanira. Joseba Labaka urnietarra berriz, Trintxerpetik. Unai Kijera arituko da patroi. Zaletasuna Hernanin arraunerako zaletasuna nola bultzatu bazen kezka orain dela bost urte, eta bide berri honetan ere kezkak hor jarraitzen du. Inguruan zer giro somatzen duten galdetuta, arraunlarien erantzuna hauxe izan da: bai, batzuen zorionak jaso ditugu Hernanin berriz ere arrauna martxan jarri delako, baina, inguruan entusiasmo berezirik ere ez dugu somatu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!