Lau urteko lehorraldia eta gero, Hernanik berriz heldu dio arraunari. Batel eta trainerila ligan aterako dira aurten, otsailean hasita. Arraun Elkarteak aurten oinarria sendotu eta datorren denboraldian trainerua atera nahi du.
2002an atera zuen Hernanik azkenekoz trainerua. Lau urte eta gero, Hernanik berriz ere ontzia izango du uretan. Aurten, bateletan eta trainerila ligan aterako dira, eta datorren urtean trainerua ateratzeko lanean ari da Arraun Elkartea. Oraingoz, Xabier Zabala entrenatzaileak 10 arraunlari ditu taldean, gehienak hernaniarrak eta lehendik arraunean ibiliak: Iñaki Fraile, Joseba Etxabe, Ekaitz Ruiz, Iban Biaga, Imanol Etxabe, Dabid Sainz (Loiola), Lander Olano (Lasarte), Joseba Labaka (Urnieta) Patxi Marin (Egia) eta Unai Kijera patroia. Ia hiru hilabete daramazkite egunero entrenatzen.
«Estutu egiten ditut eta oso ondo ari dira lanean»
Xabier Zabala donostiarra ari da entrenatzaile lanetan. Ur Kirolaken eta Zumaian ibilia da, eta bere esanetan mutilak oso ondo ari dira lanean: «Estutu egiten ditut eta oso ondo eta serio ari dira entrenatzen. Arraunean, goiko muturrean dabiltzan arraunlarien eta gainerakoen entrenamendu maila eta sakrifizioa nahiko antzekoa da, ez dago jendeak uste duen adina alde» dio Xabier Zabala entrenatzaileak. Hernaniarrek aste barruan, batez ere fisikoa lantzen dute Ibarluzeko instalazioetan eta tarteka Pasaiara joaten dira itsasora. Larunbat eta igandero, berriz, itsasoan entrenatzen dute. Prestaketaren zenbait aspektu, Trintxerpeko klubarekin batean lantzen dituzte.
Serio ari dira lanean Hernaniko arraun talde berrituan eta Xabier Zabalak garbi hitz egin du etorkizuneko asmoei buruz: «Guk ez dugu traineru bat eduki nahi edukitzeagatik, gure helburua da federazio ligan ibiliko den traineru txukun eta konpetitibo bat egitea, eta horretarako ari gara lanean».
Finantziazio bila
Hernaniko arraun talde berria finantziazio bila ere ahalegin haundia egiten ari da. Xabier Zapiain da alderdi horren ardura daramakiena. Hilabeteotan enpresa askorekin egin dituzte gestioak, eta baita Udaletxearekin ere. Lehenago ere laguntzaile izan zirenetako batzuk laguntzen jarraitzeko asmoa azaldu dute. Baina, oraindik goizegi da balorazio orokorra egiteko. Udaletxean ere harrera ona izan dute, arraun taldeko iturrien arabera, baina, zenbakiak zehazteko daude.
Arraun Elkartea berriz martxan jartzeko lanean
Arraun talde berriaren beste erronkatako bat da berriro ere Hernaniko Arraun Elkartea martxan jartzea, eta horretan ere ari dira. Dagoeneko pertsona batzuekin hitz egin dute, eta Kronikak jakin duenez lehen erreferenteak izandako jendea proiektu berrian inplikatu nahian ere badabiltza. Dagoeneko, zenbait pertsonen baiezkoa ere jaso du arraun talde berriak. Nolanahi ere, gauzak patxadaz eta ondo egiteko asmoa du.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!