Bildu Hernanik gaur irekiko du lokala, Kardaberaz kalean

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 28a, 02:00

Eguerdiko 12:00etan kontzentrazioa dago eta 12:30etan izango da inaugurazioa.

Bildu Hernanik gaur inauguratuko du lokal berria, Kardaberaz 24an. Eguerdiko 12:00etan kontzentrazioa deitu dute udaletxe aurrean eta ondorenean giza katean dira joatekoak lokal aurrera. Inaugurazio ekitaldia 12:30etan hasiko da lokal aurrean eta bertan bertsolariak, txalapartariak, sagardoa, erakusketa eta abar izango dira. Bi urte eta erdi legez kanpo Bildu Hernanik ateratako ohar batean gogora ekarri du ´Espainiar auzitegiek ezker abertzaleko hainbat eta hainbat herri plataforma lege kanpo utzi zituztela` bi urte eta erdi direla dagoeneko. Urte gozoak ez direla izan nabarmentzen du BHk, ´gure herrietan ezker abertzalearen ahotsa isilarazten saiatu baitira, eta gure udaletan beren burua abertzale, demokrata edo ezkerrekotzat jotzen duten alderdi politikoak egoera horretaz baliatu dira agintea lortzeko eta salagarriak diren hainbat erabaki hartzeko`. Beren helburuak ez dituztela bete dio BHk eta ´gaur Hernanin eta Euskal Herrian, ezker abertzaleak tinko jarraitzen du, lanean, herritarrekin bat eta beren beharrei erantzuna ematen`. Bildu Hernanik dei egin die herritarrei gaurko inauguraziora azaltzeko, lokalaren eta bere helburuen berri jakiteko: ´herritarren kezkak, ideiak eta aportazioak jasotzeko bilgunea bihurtzea lokal berri hau`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!