Pilar Belzunce: ´Hernanin pasatako urteak oso bereziak izan dira ni eta nire senarrarentzat`

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 23a, 02:00

PLAZA jendez gainezka zela eman zitzaion hasiera ofiziala aurtengo txotx denboraldiari. Urtetik urtera garrantzi haundiagoa hartzen ari den ekitaldi honetan, aurten Chillida familia omendu du txotx komisoak. Luis Chillida, Eduardo Chillidaren semea, eta Pilar Belzunce, haren alargunak, Aitor Ruiz de Egino artista hernaniarraren eskultura jaso zuten eta Gipuzkoako sagardo berriaz betetako kupela ireki zuten. Pilar Belzuncek, hunkituta, gogoratu zituen senarrarekin Hernanira, isolatutako leku baten bila, etorri eta bertan pasatako urteak. Bere hitzetan Hernani Eduardo Chillidarentzat oso garrantzitsua izan da, baita berarentzat ere, bertan argitu baitzen Eduardo Chillidak zituen zalantzak barruan zeraman artistaren inguruan. Herrian pasatako 7 urteetan izandako esperientziak ezinbestekoak dira artistaren obra ulertzeko. Chillida familiaz gain, Euskal Herriko bertsolari txapelketan parte hartutako hernaniarrak ere omendu zituzten: Estitxu Eizagirre, Jexux Mari Irazu, Iñaki Zelaia eta Maialen Lujanbio. Sagardoa egitea ere artea Joxan Rekondo Alkateak irakurritako pregoian azaldu zuen sagardoa egitea ere artea dela: ´eguzkiak eta lurrak emana plazer bihurtzeko artea`. Horrez gain gonbidapena luzatu zuen Hernanira etortzeko txotx denboraldian: ´osasunarekin gozatu sagardo berria, gonbidatuta zaudete denok. Hernanik beso zabalik hartuko zaituzte txotx denboraldi honetan ere`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!