PARTE hartze aldetik arrakasta izan zuen atzo emakumeentzako autodefentsa ikastaroak. Hogeita bost emakume hurbildu ziren kiroldegira, Maitena Monroy, Bizkaiko emakumeen asanbladako kideak eman zuen goiz eta arratsaldeko kurtsora.
Maitena Monroyk azaldutakoaren arabera, ikastaro honen helburua da emakumeak norbere buruaz seguruago sentitzea. Dioenez jendeak horrelako ikastaroen berri izaten duenean pentsatzen duen aurrenekoa izaten da, jotzen ikasiko dutela. Baina batez ere ikasten da norbere buruan sinisten, eta norberak egoera ezberdinei aurre egiteko gaitasuna duela sinisten.
Ikastaroan hitz egin zuten baita ere beldurrak nola baldintzatzen dituen emakumeak egoera ezberdinetan. Nahiz eta erasorik ez jasan, janzteko eta ibiltzeko eran, esate baterako, eragin haundi dauka beldur horrek. Eta horri buelta ematen saiatu ziren.
Edozein emakumek, nahi izan ezkero, fisikoki min eman dezakeela ere azaldu zuen, baina azpimarratu zuen horra iritsi aurretik garrantzitsua dela norbere burua errespeta araztea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!