Gaur eta bihar egingo dira frogak kadete, jubenil eta junior mailan.
ASTEBURUan izango da Euskadiko Atletismoko Txapelketa Donostiako Belodromoan, eta bertan parte hartuko dute Club Deportibo Hernaniko zazpi atletak, kadete eta jubenil mailan.
200 lagun eta hamar proba
Hamar froga izango dira gaur arratsaldean eta bihar goizean egitekoak, Euskal Herri osoko 200 atleta ingururen artean.
Zehatz esateko honako frogak egingo dituzte hernaniarrek: Lide Redondo, Beñat Arandilla, Joxeba Lizeaga eta Maitane Iruretagoyenak 60 metrotan korrituko dute, eta elkarteko arduradunek azaldu dutenez Iruretagoyenak aukera asko ditu dominaren bat lortzeko. Horretaz gain Arandilla 200 metrotan arituko da eta Lizeagak jauziak egingo ditu. Gainera, Manex Pagolak eta Mikel Jauregik 300 eta 600 metrotako lasterketak egingo dituzte eta Servando Rivas pisuan arituko da.
Txapelketan parte hartuko dute negu honetan eta aurreko denboraldian marka minimo batzuk gainditu dituzten atletek.
Hernaniko atletismoak badu etorkizunik, 30 federaturekin
GUZTIRA 30 lagun inguruk osatzen dute Hernaniko atletismoko taldea eta horietaz gain haur mordoa dabil eskola kirolean atletismoan, infantil eta alebin mailan.
Entrenamenduak astean hirutan
Astelehen, astearte eta ostegunetan izaten dituzte entrenamenduak, Sagastialdeko atletismo pistan, ordu eta laurden inguruko saioak egiten dituzte. Neguan, batez ere bolumena eta fondoa hartzen saiatzen dira eta martxotik aurrera teknika gehiago garatuko dute.
Datorren otsailaren 4ean zita garrantzitsua izango da Hernanin, Adarraga Memoriala.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!