Ligako bigarren partidua du gaurkoa, arratsaldeko 16:00etan Aristizabal kaleko lokalean.
HERNANIKO xake taldeak joan den astean hasi zuen Gipuzkoako liga, Gorengo mailan. Idiazabalen berdinketa lortu zuten hernaniarrek eta gaur dute ligako bigarren partidua, Beasaingo Alfil taldearen kontra, arratsaldeko 16:00etan hasita Aristizabal kaleko lokalean.
Iazko denboraldia, ondo hasi eta estu bukatu
Talde honetako arduradunek azaldu dutenez iaz oso ondo hasi zuten denboraldia, baina azkenean larri bukatu zuten, 12tik 8garren postuan: ´maila honetan oso parekatuta gaude` dio Gerardo Plazak, taldeko kapitainak.
Aurtengo helburua mailari eustea izango da hernaniar taldearentzat. Guztira 12 taldek hartzen dute parte Gipuzkoako ligan; gorago, Euskadiko Ligako lehen maila dago eta ondoren Ohorezko maila. Gipuzkoako liga bukatzean Donostiako Open-a jokatuko dute, apirilean.
Plazak Kronikari esan dio ´jende berri eta gaztea` falta dela xake taldean. Momentu honetan 11 federatu daude ´denek maila antzekoa dute, baina agian Fernando Esnaola nabarmentzen da denen gainetik`, dio Plazak.
‘Alfil’, talde beteranoa
Ez da partidu erraza izango gaurkoa. Beasaindarrak urte mordoa daramakite lehenengo mailan eta jokalari onak dituzte. Datorren astean berriz Tolosa-Ibarrako taldea izango dute aurrean hernaniarrek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!