Benito Lertxundik 40 urteko ibilbideari errepasoa emango dio gaur, musikari eta irudiz lagunduta

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 21a, 02:00

Kontzertuan Sagarrondotik jaialdi eta ekitaldien errepasoa egingo duen bideoa ere jarriko dute eta aurtengo edizioko ekitaldiak aurkeztuko dituzte. Gaueko 22:00etan, kiroldegian.

SAGARRONDOTIK jaialdiko aurkezpen ekitaldian Benito Lertxundiren kontzertua izango da gaur gauean kiroldegiko frontoian. Benito Lertxundik 40 urtez ikasten egonak azken diskoaren aurkezpena egingo du Hernanin. Diskoan 40 urtetan egindako ibilbideari errepasoa egiten dio eta bertan abesti ezagunak biltzen dira, gehien bat. Benito Lertxundiren zaleek aukera aparta izango dute gaurkoan Baldorba, Nere herriko neskatxa maite, Bizkaia maite, Udazken koloretan eta Oro irriño bat bezalako kantu ezagunak zuzenean entzuteko. Horrez gain bi kantu berri ere entzun ahal izango dira: Itsasoari begira eta Itoitz. Guzti hau kontzertua girotzeko irudi proiekzioaz lagunduta. Benito Lertxundirekin batean taula gainean musikari hauek izango dira: Juantxo Zeberio, Fernando Ederra, Pello Ramirez, Kutxo Otxoa de Eribe, Joxe Mari Irastorza, Gurutz Bikuña, Olatz Zugasti eta Angel Unzu. Kontzertuan Sagarrondotik jaialdiaren bideoa ere jarriko dute, orain arteko ekitaldiei errepasoa egin eta aurten izango direnak aurreratzeko. Sarrerak takilan eskuratu daitezke, 15 eurotan, eta 21:30etan irekiko dute. Kontzertua 22:00etan hasiko da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!