Diputazioak Gipuzkoa mailan teletaxi zerbitzua martxan jartzeko asmo du aurten

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 21a, 02:00

Hernaniri dagokionez, asmoa da Buruntzalde mailan zerbitzua bateratzea eta baliteke hortik beste zonaldeekin batuz Gipuzkoa mailako zerbitzua osatzea. Gipuzkoa osorako telefono bakarra jarri nahi dute.

DIPUTAZIOAK dirulaguntzak emango ditu Gipuzkoa mailan zentral bat jartzeko, Gipuzkoako taxi guztiak koordinatzeko telefono zenbaki bakar baten bidez. Aurten bertan jarri nahiko lukete martxan teletaxi zerbitzu hau, baina taxista eta Udaletxe bakoitzaren esku dago sistema honetan sartu nahi duten ala ez erabakitzea, eta horrek markatuko du erritmoa. Zerbitzu bateratua Gipuzkoa mailako teletaxi zerbitzu honek 24 orduko zerbitzua izango luke urteko egun guztietan, telefono bakarrera deituta. Sistema honek taxiak non dauden eta libre dauden jakiteko aukera emango luke eta kreditu txartelarekin ordaintzeko aukera ere eskainiko luke. Bestetik, taxistek aukera izango dute lizentzia eman zaien udalerritik kanpo zerbitzuak egiteko, beti ere udalerri hartan taxiek ezin badiote erantzun taxi eskaerari. Zerbitzu hau martxan jartzeko beharrezkoa da batetik, zentral bat egotea. Diputazioak 150.000 euroko dirulaguntza emango dio zerbitzu hori gestionatuko duen enpresari. Bestetik beharrezkoa da baita ere taxi bakoitzak sistema bat jartzea sare horri lotuta egoteko. Diputazioak asmoa du aurten dirulaguntzak emateko taxistek ibilgailuak egokitu ditzaten. Pixkana zabaltzen Teletaxi zerbitzua oraingoz Donostian dago, bi konpainiarekin eta bi telefono zenbakirekin. Diputazioak azaldu duenez, garestiago da Gipuzkoa mailan teletaxia jartzea, ibilgailuak sakabanatuago daudelako eta gutxiago daudelako. Gipuzkoan 689 taxi lizentzia daude eta horietatik 308 taxistek egiten dute lan Donostian. Dirulaguntza horien bidez sistema Gipuzkoa mailan zabaldu nahi dute eta hasi, printzipioz, Donostialdeko taxistekin hasiko dira, han dagoeneko bateratuta baitaukate sistema. Pixkanaka gero eta taxi gehiago gehituko lirateke sare honetara. Buruntzaldea batu Agitax, Gipuzkoako taxisten elkarteko lehendakari den Emilio Fernandezek azaldutakoaren arabera erregimen bereziko zonaldeak sortzeko lanean ari dira. Hernaniri dagokionean, asmoa da zerbitzua bateratzea Buruntzaldeko beste herriekin: Astigarraga, Lasarte, Urnieta, Andoain eta Usurbilekin. Honek erraztasunak ekarriko lituzke Gipuzkoako sarea sortzeko garaian, herri batzuk dagoeneko elkarlanean ariko dira-eta. Buruntzaldean erregimen bereziko eremua sortzeko hitzarmena aztertzen eta negoziatzen ari dira Hernaniko Udaletxean. Zerbitzu honek ekarriko luke adibidez, Buruntzaldean hitzartutako herrien artean taxiak batera eta bestera mugitu ahal izatea, beharra dagoenean: sagardotegi garaian edota San Joanetan, adibidez. Bestetik, zerbitzu bereziak eskaintzeko aukera ekarriko luke, elbarriak taxi bereziak izatea, besteak beste. Buruntzaldean erregimen bereziko zonaldea sortuko balitz, ez litzateke Gipuzkoako bakarra izango: Deba Goienan, Deba Barrena, Goierri, Urola Kosta eta Urola Erdian dagoeneko bateratu baitute zerbitzua. Emilio Fernandezek dioenez zonalde hauek sortzea urrats bat da Gipuzkoa mailan teletaxi zerbitzua osatzeko. Eta azaldu du beharren arabera joango dela zerbitzua bateratzen. Hala ere bateratzeko prozesu hau nahiko korapilatsua ikusten du, taxista asko eta Udaletxe asko baitaude tartean. ´Ona litzateke ahalik eta km gutxien egitea taxia hutsik dela` HERNANIKO hainbat taxistek uste dute teletaxiak badituela alde positiboak. Batetik honek ahalbideratuko luke orain hutsik egiten diren km-ak aprobetxatzea. Adibidez Bilbotik Hernanira bueltan Eibarren bezero bat hartu ahal izatea. Bestetik, ekarriko luke zerbitzua hobetzea. Hala ere, oraindik urruti ikusten dute zerbitzu hau eta ez dute oso garbi nola funtzionatuko lukeen. Diote batez ere herri txikietako taxistentzat izango dela onura. Zentzu honetan desoreka ere ikusten dute, izan ere herri haundi edo hirietako taxi lizentziak garestiagoak dira herri txikietakoak baino. Eta zerbitzua batu ezkero herri txikietako taxiek hirietan ere egin ahal izango dute lan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!