BH-ri erantzuna: zumar zuzena; itzal okerra

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 20a, 02:00

Ilegalizazioaren inguruan ez dago eztabaidarik. Hori gauza jakina da. Behin eta berriro eman izan dut nere iritzia, era publikoan eta baita pribatuan ere. Eskatutako bileran, agian, jarraituko dugu gaiaren inguruko elkarrizketarekin.
Baina, horrek ez du egun hauetako eztabaida itzaltzen. Eta, nere ustez, 2006ko Aurrekontuen inguruko eztabaidatik iheska dabil Bildu Hernani. Beren azken oharreko 10 lerro hoiekin etzait iruditzen Udal aurrekontu eredu berri bat egin litekeenik. Eredua egiteko okasio ederra aurreko legealdian izan zuten. 1999ko promesak ere halakoxeak ziran: babeseko etxebizitza politika egin nahi, baina eskas; arlo sozialari bultzada berezia ematea agindu, baina gauza berririk ez; kultura politika iraultzeko gogoa agertu, baina aurreko bidera itzuli behar azkenik; udal lurrak saltzearen aurka gogotik egin, baina 3 milioi euroko udal lurrak saldu. Jakina, ´gaur hitza eman, bihar haizeak eraman´ edo ´esatea erraz, egitea latz´. Zuzentasunaren jabe bakarrak bailiran agertzen zaizkigu une oro Bilduko kideak. Ez da ahaztu behar ordea beste errefrau zahar hau: ´Zumar zuzenak, itzal okerra´. Dana dala, ikusteko dago, 2006ko Udal Aurrekontu eredu berri horren nundik-norakoa: ikusteko dago hernaniarren beharrak jasotzen dituen, auzoen berritzea jasoko duen, irisgarritasunari aurre egiteko gauza izango dan, gazteentzat babeseko etxebizitzak egingo dituen, Hernanik orain abiatu dituen proiektu estrategikoak bultzatuko dituen... Hori da eztabaida.
Eta, probetxu pertsonala besteei leporatzeko hainbesteko erraztasuna dutenek, kontuan hartu beharko lukete beste ondoko esaldia, hau kastellanoa: ´cree el fraile que todos son de su aire´.


Joxan Rekondo
Alkatea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!